X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Euri eta ateri

Alaine Agirre

Elkar, 2025.
75 or.
ISBN  978-84-1360-502-9
14 urtetik aurrera

Euri eta ateri, Alaine Agirreren azken literatur lan labur honek kutsu poetikoa eta sinbolismoz betetako istorioa da, eta narrazio honekin berriro erakusten du zergatik den gaur egungo euskal literaturaren ahots berezienetako bat.

Nora da istorio honen protagonista. Behin etxea eta lana utzita, Nora baserri batera joango da eta naturara hurbilduko da, berriro ere sentitzen hasteko. Bere egoera pertsonalak gain egiten dio eta narrazioak bere ezinegona kontatzen du dramatismotik urrunduz, umorea eta ironia erabiliz, errelatoa xamurtuz. Lerro artean sistema kapitalistak gure egunerokoan sortzen dituen gaitzez eta pertsonen ezinegonez dihardu. Euriaren eta aterpearen irudiek babesa eta arriskua irudikatzen dute, metafora gisa. Nahiz eta gai sakonak jorratu, hurbiltasuna eta arintasuna mantentzen ditu, eta, horrela, irakurlea lehen esalditik harrapatzen du.

Alaine Agirre (Bermeo, 1990) idazlea, poeta eta haur-literatura sortzailea da. Gazte hasi zen idazten eta kritikaren nahiz irakurleen onespena lortu ditu, bere prosaren erritmo, indar eta pasioari esker. Hainbat nobelaren egilea da: Odol mamituak (2014, Zazpi Kale saria), X hil da (2015, Zilarrezko Euskadi saria), Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama (2017, Joseba Jaka saria), Kamisoi zuri zetazkoa (2018, Eusko Jaurlaritzaren literatur sorkuntzako beka). Horrez gain, poema-liburu bat kaleratu du, Txoriak etortzen ez diren lekua (2017), eta haur eta gazte literaturako kontakizun ugari. Sari franko jaso du eta hainbat hizkuntzatara itzuli izan dute: gaztelania, katalana, galegoa, ingelesa, daniera eta koreera.

Yolanda Mosqueraren ilustrazioek liburuari dimentsio bisual liluragarria ematen diote. Bere marrekin eta kolore-paleta leunarekin, testuaren emozioak hezurmamitzen ditu oso modu ederrean: euria ez da soilik ura, baizik eta sentipen baten irudia.

Euri eta ateri ez da istorio bat bakarrik: eguneroko bizitzako aldarte txikiei begiratzeko gonbita da, haurren emozioen gainean gogoeta egiteko aukera. Irakurle ororentzat ulergarri izateko idatzia da, haur eta gazte literaturaren eta helduen literaturaren arteko muga lausoa du-eta

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude