Itzulpena: Amaia Apalauza Ollo
Hitzaurrea: Lara Moreno
Consonni, 2024
267 or.
ISBN 978-84-19490-24-7
Montserrat Roig idazlearen Gerezi-denbora eleberria izango da mintzagai irailaren 10ean, asteartea, arratsaldeko 19:00etan Liburutegi Nagusiko Ekitaldi Aretoan (San Jeronimo kalean), Iñigo Aranbarri gidatzailearekin izango den solasaldian. Liburua eskuragarri dago liburutegietan eta baita liburu dendetan ere.
Montserrat Roig (Bartzelona, 1946-1991) idazle eta kazetari katalanak, eleberriak, ipuinak, entseguak eta kazetaritza arloko hainbat lan idatzi zituen. 1970ean kaleratu zuen lehenengo ipuin liburua «Molta roba i poc sabó» (Víctor Català saria) izenburukoa eta 1989an bigarrena, «El cant de la joventut». Eleberriei dagokionez, berriz, Ramona, adéu (1972), El temps de les cireres, Gerezi denbora Amaia Apalauzak itzulia (1977, Sant Jordi saria), L´hora violeta (1980), La ópera cotidiana (1982) eta La veu melodiosa (1987). Azkenik, kazetaritza alorrean nabarmentzekoak dira: Els catalans als camps nazis (1977, Crítica Serra d’Or saria), L’agulla daurada (1986, Kataluniako Sari Nazionala), eta Retrats paral·lels (1976), Digues que m’estimes encara que sigui mentida. Sobre el plaer solitari d’escriure i el vici compartit de llegir (1991) Un pensament de sal, un pessic de pebre (1992), elkarrizketa eta artikulu bildumak.
El temps de les cireres, euskaraz, Gerezi denbora, Amaia Apalauzak itzuli du euskarara eta Consonni argitaletxeak argitaratua izan da Lara Morenoren hitzaurrearekin. Liburua 1977an argitaratu zen lehenengo aldiz eta urte hartako Sant Jordi saria irabazi zuen.
Lagin moduan jarraian liburuaren hasiera: «Bartzelonara itzuli zelarik, Natàliak nahiago izan zuen Patriciaren etxera joan, Gran Viara, Brucen ondo-ondoan. Haren anaia Lluis, zeinak hemezortzi urte baitzeramatzan Silvia Claretekin ezkonduta, hiriaren goiko aldean bizi zen, Calvet karrikako duplex batean, Via Augustatik hurbil. Anaiaren etxera ez zuen joan nahi, ordea, ez Silviagatik -zeren Silviak, bederen, sukaldaritza maite baitzuen, berak bezala-, baizik eta Lluisengatik. Natàliak, hamabi urteko urrunaldian gauza asko ahantzi bazituen ere, ezin zuen oroimenetik ezabatu nolako irrebarre isekaria zeukan Lluisek klinikara bere autoan korrika eta presaka eraman behar izan zuen egunean. Septizemia bat harrapatzeko zorian egon zen Natàlia, larrutan egin nahi badun, egin ezan, baina pentsatu gauzak aldez aurretik eta erabili burua, esan zion orduan, bere sabelpeko minengatik bihurritzen zen bitartean».
Natalia Miralpeix, eleberriko pertsonaia nagusia, Bartzelonara itzuliko du etxetik alde egin eta denboraldi luze bat atzerrian eman ondoren. Frankismoaren azken urteak dira, Salvador Puig Antichen epaiketaren ondorengo heriotzaren egunak. Liburua bost ataletan egituratzen da: Lehen atala: «Osin-zuloak». Bigarren atala: «Udazken-urrina». Hirugarren atala: «Ehiza-adarrak». Laugarren atala: «Gelditasuna». Bostgarren atala: «Aingeru zaindariaren lo-kuluxkak».
Liburuaren izenburua Gerezi-denbora, abesti frantses historikotik dator, Jean-Baptiste Clément Parisko Comunaren defendatzaileak sortua izan zen eta Yves Montand abeslariak ezagutaraziko zuen.
Solasaldiaren hurrengo saioan, urriaren 1ean, Unai Elorriagaren Francesco Pasqualeren bosgarren arima liburuaz hitz egingo da.