X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Haize beltza

Amaiur Epher

Txalaparta, 2025
251 or.
ISBN 978-84-10246-36-2

Amaiur Epher idazlearen Haize beltza eleberria izango da mintzagai urriaren 7an, asteartea, arratsaldeko 19:00etan Iñigo Aranbarri gidatzailearekin Liburutegi Nagusiko Ekitaldi Aretoan (sarrera San Jeronimo kaletik) egingo den solasaldian. Liburua eskuragarri dago liburutegietan eta baita ere liburu dendetan.

Amaiur Epher (Izpura, Nafarroa Behera, 1994) idazlearen bigarren eleberria da Haize beltza (Txalaparta, 2025), aurretik Profeten iruzurra (Maiatz, 2021) argitaratu zuen eta bestalde, bi antzerki obra ere idatzi ditu: Sapere aude eta Koñots Ulia. Epherrek Zientzia Politikoak ikasi zituen Bordelen eta Madrilen, gaur egun euskara irakasten du Baionan. Idazlea izateaz gain, musikaria ere bada, hainbat taldetan parte hartu izan du eta Diabolo Kiwi taldearekin Uhin galduak (2021) diskoa atera zuen.

Haize beltza eleberriko Tomas protagonista nobela beltz bat idazten ari da eta Ozkar lagunarekin Landetako Moliets herrira doa egun batzuk pasatzera:

“Landetako itsas hegiko argi berezia harrapatu nahian, Ozkar eskuko kamera arin batekin ateratzen zen goizero. Surflari batzuk ere elkarrizketatu ei zituen helburu zehatzik gabe. Ni, aldiz, Lafitteren gramatika eta Lhanderen hiztegia besapean joana nintzen harat, erromantikoarena antzezteko intentzio irmoarekin. Ozkar pisutik abiatu bezain laster, balkoian instalatu eta idazketan murgiltzen nintzen, ahal bezain serioski. Azken aldian, nobela beltz baten idazteko gogoz -edo beharrez- nenbilen, jakin gabe haatik nondik eta nola has. Ezintasunak ahuspez makurrarazten ninduenean, mahaiaren kristalak edo ordenagailuaren pantailak eskaintzen zidaten imajina denboran galtzen zen, nola ene inspirazio ezaren isla.” 16 orld.

Liburuan zehar Epherrek idazketa sormen prozesuaren buruhausteak, arazoak eta idazleak egunerokotasunean inguruarekin dituen harremanak, obsesioak eta maniak kontatzen ditu jolas literario ugarirekin. Bide batez, euskal kulturaren eta bereziki literaturaren pertsonaiak gogoraraziko dizkigu. Bestalde, musikaria ere izanik, euskal musikak presentzia du liburuan, Hertzainak taldearen Kristalaren bestaldera eta Ruper Ordorikaren Hautsi da anphora nabarmenduz.

Haize beltzaren hurrengo bi saioak azaroan eta abenduan izango dira:

Azaroa 4, Barkamena existituko balitz bezala, Mariana Travacio, Erein, 2024 Mandas Dukearen Aretoan, sarrera Konstituzio plazatik.

Abendua 2, Cayo Hueso, Oihane Amantegi, Elkar, 2023

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude