X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Hermanos del alma, David Diop

Post honen idazlea: Amaia Garcia

Hermanos del alma, David Diop

Anagrama, 2019

156 or.

ISBN: 978-84-339-8052-6

 

 

Datorren asteartean, azaroaren 30ean, Donostiako Liburutegi Nagusiko gaztelaniazko solasaldian David Diop-en Hermanos de alma izango dugu hizpide. Gerraren inguruko eleberri honen protagonista Alfa Ndiaye soldadu afrikarra da, Frantziako armadarekin Lehen Mundu Gerrako lubakietan borrokatzen duena. Hau urteko azkenaurreko solasaldia izango da, eta abenduan Hôzuki, La librería de Mitsuko-rekin itxiko dugu urtea. Saio honetan, 2022rako programa aurkeztuko dugu.

David Diop senegaldar jatorriko idazle frantsesa da. Parisen jaio zen 1966an eta Senegalen eman zuen gaztaroaren zati bat, ikasketak burutzeko Frantziara itzuli aurretik. “Poetika eta historia literarioan” master bat lortu ondoren, Diderot eta d ‘Alembert-en Entziklopediaren filosofia politikoari buruzko doktore tesia defendatu zuen Sorbonako Unibertsitatean. XVIII. mendeko literatura frantsesean aditua da, eta Paueko eta Adur Herrialdeetako Unibertsitatean katedraduna. Lehen eleberria 2012an argitaratu zuen, 1889, L ‘Attraction universelle (1889, erakarpen unibertsala) izenburupean, 1889ko Erakusketa unibertsalerako Paris bisitatu zuen senegaldar ordezkaritza bati buruz. Bere bigarren eleberriak, Frère d ‘âme (Hermanos de alma), 2018an argitaratua, urte horretan bertan ikasleen Goncourt Saria jaso zuen eta, ingelesezko itzulpenean (At Night All Blood Is Black), 2021eko Man-Booker Saria, lehen aldiz frantsesez idazten duen egile bati emana.

  • Hermanos de alma gerrari buruzko eleberria da, eta indarkeria oso presente dago: borroka-eszenak daude zaurituekin, odolarekin, erraiekin, gorputz-adar anputatuekin… Gauza makabroarekin gehiegi jolasten dela iruditu zaizu, edo beharrezkoa dela uste duzu?
  • Testua lehen pertsonan egindako kontakizun gisa aurkezten da, Alfa Ndiaye protagonistaren eskutik. Kontatzeko modua ahozkotasunetik hurbil dago: desordena, errepikapen ugari eta makuluak daude, baina baita nolabaiteko poesia. Zerk eman dizu atentzioa?
  • Alfa Nidayeren eta bere lagunik onenaren, Mademba Diopen arteko harremana da tramaren ardatza. “Anaiak baino gehiago” dira, eta “iseka egiteko eskubidea” bezalako kontzeptuak agertzen dira. Mademba hiltzean, Alfak errua sentitzen du. Interesgarria iruditu zaizu?
  • Ekintza gerran zehar gertatzen bada ere, protagonistaren aurreko bizitzako une garrantzitsuak aurkezten duten flashback batzuk daude: amaren desagerpena, Fary Thiamekin izandako harremana. Uste duzu bi mundu horien arteko kontrastea lortuta dagoela?
  • Alfa Nidayeren istorioa eromenerako jaitsiera bat bezala ikus dezakegu, etsaiari moztutako zazpi eskuek sinbolizatua. Gainera, azken kapituluan bere nortasuna zalantzan jartzen da. Benetan erotuta dagoela uste duzu? Nor dago ero (edo ez) gerra batean?

Solasaldian gai hauei eta beste askori buruz arituko gara, Hermanos de alma eleberria oinarri hartuta. Datorren asteartean, azaroaren 30ean, izango da, 19:30ean, Liburutegi Nagusiko areto nagusian (San Jeronimo kaleko kripta). Izena emateko, helbide honetara mezu elektroniko bat bidal dezakezu: alderdiederliburutegia@donostia.eus, eta helbide berean Donostia Kulturak egindako dosierra eska dezakezu, zeina Liburutegi Nagusian ere eskuragarri baitago.

Espero zaitugu!

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude