Susa, 2024
151 or.
ISBN 978-84-19570-29-1
Uxue Alberdi idazleak, Hetero bere azken narrazio liburuaren inguruko solasaldian parte hartuko du otsailaren 4an, asteartea, arratsaldeko 19:00etan Liburutegi Nagusiko Ekitaldi Aretoan (sarrera San Jeronimo kaletik), Iñigo Aranbarri idazleak gidatzen duen saioan.
Uxue Alberdi Estibaritz (Elgoibar, 1984), bertsolari eta idazlea, gaztetan hasi zen bai bertso txapelketak irabazten eta bai liburuak argitaratzen ere. Literaturari dagokionez hainbat genero landu ditu, narrazioa, nobela, kronika, saiakera eta haur eta gazte literatura. Aulki bat elurretan (2007) ipuin bilduma izan zen bere lehenengo liburua, ondoren argitaratu zituen Aulki-jokoa (2009), Euli-giro (2013), Ezin dut eta zer? (2010), Besarkada (2015, Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria), Jenisjoplin (2017), Kontrako eztarritik (2019, euskarazko saiakeraren Euskadi Literatura Saria), Dendaostekoak (2020), Hili (2021), Belarriko kilkerra (2023), Surflaria (2023) eta duela hilabete batzuk kaleratu den Hetero (2024) narrazio bilduma.
Guztira zortzi narrazio dira Hetero osatzen dutenak:
-
«Landareek hazteko behar dutena»
-
«Ukitzen gaituen ura»
-
«Irla»
-
«Gizakiaren adin guztiak»
-
«Literatura lezioak»
-
«Uso-pasea»
-
«Sehaska kanta»
-
«Alargunak»
Jarraian, lagin moduan, «Landareek hazteko behar dutena» lehengo narrazioaren hasierako paragrafoa:
«Zarautzen, langile barrio batean eraikitako lehendabiziko zoru erradiatzailedun etxebizitzan, Jabi lorezaintzarako eskularruak janzten ari da. Aingura txikien marrazkiak dituen bainujantzi azulmarinoa du soinean eta kamiseta nasai bat, aitzurraren bila makurtzean sabelaren parean puzten zaiona. Laida ontzitik atera berri duen magnoliaren ondoan dago zutik, irribarrez, zuhaitz klase horri buruz irakurritako datu bat etorri baitzaio burura:
“Magnoliek, petaloen ordez, tepaloak dituzte”.
Mattinek goizean egindako galderarekin lotu du: “Ama, ni noiz hasi nintzen prefekto hitz egiten?”
Jabik galdetu dio zer ari den barrez, eta Laidak “txorakeria bat” esan dio, baina kontatu egin dio, dena den.
-Etxeko prefektua- dio Jabik, eta magnoliarentzat zuloa egiten hasi da.» 9. orld.
Liburua Susa argitaletxeak kaleratua du eta azpimarratzekoa da Alain Urrutia artistaren azaleko irudia, urre koloreko marko borobilean enmarkatua dagoen begiaren distira liburuaren irakurketan sumatuko dugu.
Ausardiaz idatzitako liburu baten aurrean gaude, pentsarazten diguten gai askotako kontakizunak, eta beti emakumearen ikuspuntua nabarmendu edo ikusaraztea helburu dutenak. Teknika aldetik berriz, estilo diferenteak tartekatzen dira, elkarrizketak daude, narrazioak eta baita oroitzapenak ere, irakurketaren bizkortasuna lagunduz.
Ez galdu solasaldira joateko aukera, eta gogoratu Liburutegian hilabetero egin ohi direla irakurketa saioak. Hurrengoa martxoaren 4an izango da Nathalie Nothomb idazlearen Durduzaz eta dardaraz (itzulpena Joxean Elosegi, Igela, 2003) liburuaren inguruan.

