X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Hôzuki, la librería de Mitsuko, Aki Shimazaki

Post honen idazlea: Amaia Garcia

Hôzuki, la librería de Mitsuko. Aki Shimazaki

Nórdica, 2017

138 or.

978-84-16830-73-2

Datorren abenduaren 16an, osteguna, urteko azken saioa izango dugu Donostiako Liburutegi Nagusiko gaztelaniazko solasaldian. Oraingoan, Hôzuki, la librería de Mitsuko, Aki Shimazaki idazle japoniar-kanadarraren eleberria izango dugu hizpide. Liburu xumea, itxuraz, baina psikologikoki sakonera handikoa eta nolabaiteko zama filosofikoa duena.

Aki Shimazaki japoniar jatorriko idazle frankofonoa da, Gifun (Japonia) 1954an jaioa. Landan hazi zen familiarekin, eta txikitatik literaturarako bokazioa izan zuen. Zenbait urtez irakaskuntzan aritu ondoren, 1981ean Kanadan bizitzeko eskaera onartu egin zioten, eta herrialde horretan ezarri zen: lehenik Vancouverren, gero Toronton eta azkenik Montrealen, non kultura- eta literatura-jarduera handiagoa zegoen, eta bera irakaskuntzan aritu zitekeen. Frantsesa 90eko hamarkadaren erdialdean ikasi zuen, 40 urte zituela, eta sormenezko idazketa ikastaroa ere egin zuen etorkinentzako eskola batean.

Frantsesa izan zen bere ibilbide literarioa garatzeko aukeratu zuen hizkuntza: eleberri laburrak idazten hasi zen, eta horietako lehena hiru urteko lanaren emaitza izan zen. Bere lana pentalogietan garatzen da, hau da, istorio beraren inguruan eraikitako bost eleberriko zikloak, bakoitza pertsonaia ezberdin baten bizipenaren ingurukoa, eta modu independentean irakur daitezkeenak. Gainera, kasu guztietan izenburuak japonieraz daude eta naturari egiten diote erreferentzia. Frantsesez hitz egiten duten herrialdeetan arrakasta handia izan dute eta hainbat hizkuntzatara itzuli dira. Gaztelaniaz, Hôzuki eleberriaz gain, El quinteto de Nagasaki eta El corazón de Yamato (Lumen) zikloak daude eskuragarri.

  • Beharbada, Hôzuki, la librería de Mitsuko-k uzten digun lehen inpresioa xaloa da: trama sinpleko eleberri laburra, egitura ia zirkularra duena, protagonistak lehen pertsonan kontatua, estilo errazekoa… Sinpletasun horren atzean zerbait gehiago ezkutatzen duela uste duzu?
  • Protagonista, Mitsuko Tsuji, ama ezkongabea da, eta liburu-saltzaile eta “konpainia neska” gisa egiten du lan. Hainbat flashbacken bidez bere iraganeko alderdiak ezagutzen ditugu, hala nola abortatzeko eta abandonatutako haur batez arduratzeko erabakiak. Zer dilema eta nola bizi izan dituzu?
  • Mitsuko bezala, beste pertsonaia batzuek, bere amak adibidez, bizitza bikoitza edo iragan ezkutua dute: amona biloba zaintzen, postreak prestatzen eta estutxeak egiten aritzen den pertsonaia maitagarria da, baina kartzelan denboraldi bat eman zuen. Atentzioa eman dizu?
  • Kako Sato bezero aberatsak liburu-dendara egindako bisitak hasiera ematen dio narrazioari. Mitsukorengandik oso bestelakoa da (itxura batean): gizarte-posizioa, aurreko esperientziak, interesak eta ilusioak… Zer deritzozu haien arteko loturari? Ustekabekoa edo aurreikusteko modukoa da?
  • Nobelan filosofiari buruzko aipamen asko daude: Shojik, Mitsukoren mutil-lagun ohiak, diziplina hau aztertzen zuen, bera ere erakartzen duena, katuak Sokrates izena du, Kakok gaiari buruzko liburuak erosten ditu… Gainera, elkarrizketa “filosofikoak” agertzen dira. Zer ekarpen egiten diote testuari?
  • Egilea Kanadan bizi bada ere eta frantsesez idazten badu ere, istorioa Japonian girotuta dago eta Japoniako kulturari buruzko aipamenak ugariak dira: bizimodua, gastronomia, hizkuntza (“hozuki” terminoari buruzko digresioarekin)… Zer iruditu zaizu, interesgarria iruditu zaizu?

Hôzuki, la librería de Mitsuko-ren inguruan hitz egiteko solasaldia abenduaren 16an izango da (osteguna), 19:30ean, udal liburutegi nagusiko San Jeronimo kaleko aretoan. Sarrera librea da tokiak bete arte. Hurrengo solasaldia urtarrilean izango da, eta Simone de Beavoir-en Malentendido en Moscú izango dugu hizpide.

Zain gaituzu!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude