X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Izarak

Izarak

Goizane Aizpurua

Alberdania, 2021

149 or.

ISBN 978-84-9868-664-7

 

 

Oraingo honetan Izarak eleberriak aipamena merezi du.

Izarak eleberria, Maiatzak 15, Lugaritzen egingo den Literatur Solasaldian mintzagai izango dute.

Eleberriaren autorea Goizane Aizpurua da eta idatzi duen lehengo eleberria da.

Goizane Aizpurua Deban jaioa da eta Arte Ederretan lizentziatua. Lanbidez, zaharberritze eta kontserbazioan dihardu. Antzerkiaren munduan hasi zen testuaren inguruko esperientzia estetikoa lantzen Goaz antzerki taldeko partaidea izan zen. 2006an idatzi zuen bere lehen antzerki gidoi luzea, Goaz taldearentzat: Kanika Zuri-Beltzak.

2013an Irarrazabalgo hormarteratua izeneko kondaira-bildumarako kontakizun bat eskatu zioten, liburua itxiko zuena hain zuzen ere, eta 2018an Afasia Airlines poesia liburua argitarau zuen Pasaia hiria-Xabier Portugal saria irabazi ondoren.

Izarak liburuaren hastapena Literatur tailer batean hasi zen. Bertan, liburu baten lehen kapitulua idatzi zuen eta ondoren, jarraipena egitea erabaki zuen. Horren ondorioz, Izarak eleberria sortu zen.

Ane eta Xabi bizitza normala daramaten bikote zoriontsua da eta uda batean Aneren lagunik onenarekin, Elenekin, oporretara joatea erabakiko dute. Opor horietan gertatu zena pizgarria izango da Aneren bizitzan. Une horretatik urtebetera, Aneren bizitzan aldaketa ugari planteatuko dira eta bere nortasuna bilatzen hasiko da. Ordura arte bizitako guztiaren balantzea egiten hasiko da, eta zalantzan jarriko ditu bere bizitzan lehen nahikoak iruditzen zitzaizkion gauzak baina uda hartatik Portugalen, benetan zoriontsu izateko argitu eta bilatu behar duen bidea.

Eleberrian bi narratzaile daude, bat hirugarren pertsonan, eleberrian pertsonaiei gertatzen zaiena kontatzen diguna, eta bigarren narratzailea, lehen pertsonan, Aneren pertsonaia, bere emozioak adierazten dituena eta irakurlea bere kezka, zalantza, gogoeta eta sentimenduen partaide egiten duena.
Egileak oso modu adierazgarrian eta hizkuntza oso zaindua erabiliz, protagonista nagusiak sentitzen duen emozio-uholde hori, eleberrian zehar sentitzen duen barne-borroka hori erakusten digu.

Eleberriak lau atal ditu, urteko lau urtaroekin bat datozenak, eta bosgarrena,beste urtaroa izango balitz bezala  existitzen ez dena baina oso poetikoa dena:

Bost dira urtean aroak:

Uda, udazkena, negua, udaberria

eta zerbait hoberen esperoan ematen den denbora

Txuma Murugarren

(Bizitza garratza da)

Kapitulu bakoitzaren barruan azpiatalak daude, eta horien izenburuek esanahi adierazgarria dute.
Kapitulu bakoitzaren aurretik, egilearentzat esanahi berezia duten aipuak daude, eta, aldi berean, horien edukiarekin lotuta daude.
Nobela honek oso modu egokian adierazten du, emozioen bidez, pertsonaiak trasmititu nahi duen identitate bilakaera hori.

Datorren maiatzaren 15ean, Lugaritzen izango den solasaldian, Maite Gonzalez Esnalek dinamizatutako taldeak  egileak hain egoki sortu dituen hiru pertsonaia hauen bizitza eta sentimenduak aztertu, komentatu, gozatu eta sakontzeko aukera izango du.

 

 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude