Post honen idazlea: Arantxa Arzamendi
Susa, 2022
87 or.
ISBN 978-84-17051-92-1
Jose Luis Otamendiren Landura poema liburua izango da mintzagaia otsailaren 7an, asteartea, arratsaldeko 19:00etan Liburutegi Nagusiko Ekitaldi Aretoan (San Jeronimo kalean) Iñigo Aranbarri gidatzailearekin egingo den solasaldian.
Jose Luis Otamendi Etxabe (Azpeitia, 1959), idazle eta poeta ezaguna, ogibidez irakasle izana, hainbat urtetan Azpeitiko Iraurgi Ikastetxean lan egin zuen eta gaur egun erretiroa hartuta dago. Kultur zalea eta herrigintzan konprometitua, Azpeitiko Kulturaz kooperatibako lehendakaria izan da. Politikan ere aritutakoa da eta Azpeitiko Udaleko zinegotzi izan zen lau urtez, Euskal Herritarrok taldearekin.
Poesiarako zaletasuna gaztetatik datorkio, 1980an Egunsenti biluzia argitaratu zuen eta jarraian etorriko ziren: Zainetan murailak (Susa, 1987), Poza eta gero (Susa, 1990), Lur bat zure minari (Susa, 1995) Bakarrik bahago neguan (Pamiela, 1998, Iñigo Aranbarriren sarrerarekin, bertan biltzen dira Otamendik 1995era arteko liburuetan zein aldizkarietan argitaratutako poemak). Hamabi urteko hutsunearen ondoren, 1995etik 2007ra, kaleratuko dira: Erlojuen mekanika (Susa, 2007), Kapital publikoa (Susa, 2014), Disoluzio agiriak (Susa, 2019) eta solasaldian komentatuko den Landura (Susa, 2022). 2000an Poesia kaiera bilduman Otamendiren antologia argitaratu zen Koldo Izagirreren sarrerarekin.
Bestalde, bi narrazio liburu ditu: Euri kontuak (Susa, 1999) eta 2005an Loiolarik ez balitz, Iñigo Aranbarrirekin batera (Uztarri Kultur Koordinadora, 2005). Horretaz gain, Hiru argitaletxean euskal narrazioen antologia bat gaztelaniaz kaleratu du: Desde aquí. Antología del cuento vasco actual (1996). Azkenik, Bide ertzean musika taldearekin hainbat kolaborazio egin izan ditu eta horien lekuko dira Zure minari (1999) CDko poemak.
Jose Luis Otamendi gaur egungo euskal poesiaren erreferente nagusienetako bat bilakatu da eta Landura dugu islada argia. 47 poemaz osatutako liburu honek Otamendiren dohainak azpimarratzen dizkigu: idazkera dotorea eta landua, hiztegi aberatsa, eta estetikarako abilezia berezia. Gaiak berriz, xumeak eta aldi berean sakontasunez landuak aurkezten zaizkigu, egunerokotasunean errotuta, denboraren joana, pandemia eta beldurrak, pentsamendu eta oroitzapenekin nahasten doaz. Poemak irakurri ahala irakurleak gozamena eta kezka batera sentituko ditu, 87 orrialdeko liburu laburra izan arren, arrasto sendoa uzten duen horietakoa da.
Euriaz (9. Orrialdean)
Euria izateko ikasi:
arnasa
lurrun
landura izan aurrena
eta ohartu ez,
tanta baten baitan hazi eta
tanta-herri bateko tanta bilakatu gero,
hoztu ahala
onenean izar izatera etorri
edo mulko dardaratien tribuko
hodei zurixketan,
aire isilaren beso artean
astiro piririka erori,
haur baten ilajean trabatu eta
azkenean harridura espazio bat busti
euria egiten bizi
euria egiten bizi
Liburuaren argitalpenari dagokionez eskertzekoa da Susa argitaletxearen edizio zaindua eta azpimarragarria Xabier Gantzarainen azaleko irudia. Ez galdu solasaldira joateko aukera, saioak edonorentzat irekiak izaten dira eta irakurri beharreko liburuak eskuragarri daude bai liburutegietan edo liburu-dendetan. Landuraren hurrengo saioan, martxoaren 7an, Arrate Egañaren Itzalen distira, ipuin liburua aztertuko da.