X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Las 100 primeras películas de Nicolas Cage

Paco Alcázar y Torïo García

Hitzaurrean aipatzen den bezala, Nicolas Cage ez da aktorea soilik, ezpada zinematografia-genero bat osatzen du bere baitan; denetik aurkitzen dugu bere ibilbidean, hala nola film txarrak, onak, mitikoak, erdipurdikoak, maisulanak, ikuslearen adimenarentzat iraingarriak, superprodukzioak, B seriekoak, C eta, are, D-koak. Liburu sailkaezin honek horiek denak izango ditu hizpide modu ezin dibertigarriagoan.

Entzun gomendio hau:

Paco Alcázar eta Torïo García ditugu gida honen egile, komikigile ezaguna, bata, eta Nicolascageologo ospetsua, bestea; eta Astiberri euskal argitaletxeak eman du argitara aurten, pandemiaren II. urtean. Alcázar jauna seguruenik ezagutuko duzue El Jueves eta Orgullo y Satisfacción umore-aldizkari famatuei esker; batez ere, Silvio José bere pertsonaia nardagarriaren bidez. Torïo García, berriz, NicCagepediagatik, alegia, Nicolas Cagen gaztelerazko entziklopediagatik.

Eta, bai, liburuaren gai nagusi eta bakarra Nicolas Cage da; bere bizitza eta lan-ibilbidearen errepasoa egiten da bertan, bere askotariko etapak izendatuz: etapa eroa, ergela, super-izarrarena, memeostekoa, eta abar. Azken honen harira, aipagarria da Internet osoari bira emandako memeek bere karrera berpiztu eta pop azpikulturaren (edo goi-kulturarena, batek daki) mito izatera eraman dutela. Hau guztia gutxi ez eta bere orrazkera inposibleek, afera sentimentalek eta ekonomikoek ere tokia izango dute lan honetan.

Alabaina, liburuaren zatirik garrantzitsuena bere lehen ehun filmen errepasoak osatuko du. Bakoitzak bere fitxa dauka, non Nic-intentsitatea neurtuko den (maila apaletik hasita megaheriotza arte, heriotz-izpi eta nouveau naturalismo mailak tartean). Eszena gogoangarrienak ere aztertuko dira, eta egileek, berebiziko ausardia erakutsiz, euren iritzia ere plazaratuko dute.

Erne bada, akaso pentsatuko duzue Nicolas Cagen xarmaren aurkako immunitate-maila altua duzuela, eta ez zaretela bere sareetan eroriko; bada, jakizue neuk ere horrela pentsatzen nuela, baina orain, liburua irakurri ostean, lentejueladun larruzko kazadorak ez ditut horren gaizki ikusten…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude