X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Las primas

Aurora Venturini

Asteartean, maiatzaren 26an, Aurora Venturini-ren Las primas komentatuko dugu. 19:00tan ikusiko dugu elkar San Jeronimo kaleko aretoan, ordura arte!

 

2007an, 85 urterekin, Aurora Venturinik Argentinako Página/12 egunkariak antolatutako Eleberri Berria Saria irabazi zuen. Garai hartan epaimahai lanetan zegoen Mariana Enriquezek kontatzen du autorea punk jarrerarekin, bere gorputz argalarekin, bere aurpegi ezohikoarekin, isekaren eta xalotasunaren arteko keinuarekin agertu zela sari banaketaren ekitaldira, eta honako hau esan zuela: «Azkenean epaimahai zintzo bat». Pasadizo hau, nire ustez, Las primas liburuaren spoilerrik onena da; nobela txundigarria, gupidarik gabea, dibertigarria eta gordina.

Las primas familia eta, batez ere, emakumeen istorio bat da. Auzo pobre bateko etxe batean gertatzen da, berrogeiko hamarkadan, eta Yuna bere inguruko emakumeei buruz hitz egiten digu; bere ama, bere izeba Nené, bere lehengusinak Carina eta Petra, Rufina eta bere arreba Betina. «No éramos comunes por no decir que no éramos normales», eleberrian agertzen den lehen deskribapenetako bat da. Yunaren ahotsa bihurria da, baina zintzoa eta lotsagabea baita ere. Gizonak ere badaude istorio honetan, baina edo falta dira edo bortxatzaileak dira eta emakume horien gorputzak urrutzen dituzte.

Kontua da oso liburu berezia dela hau, ahazten ez diren horietakoa. Literatura hutsa da. Aurora Venturinik familia disfuntzional baten miseriak kontatzen dizkigu labana batekin, baina maitasun handiz baita ere. Idazleak eleberri autobiografikoa dela aitortu du behin baino gehiagotan: «Yo no soy familiera, nunca fui, pero siempre acabo escribiendo sobre mi familia, o sobre familias. Mis seres son todos monstruosos. Mi familia era muy monstruosa. Es lo que conozco. Y yo no soy muy común. Soy una entidad rara que solo quiere escribir».

Yunak, istorio honen narratzaileak, desgaitasun intelektuala du, ikusten duena kontatzea eragozten ez dion asaldura bat hizkuntzan. Bere inguruko zailtasun eta sufrimendu guztiak hitzetan jartzeko gai da. Las Primas liburuan sexu abusuak, abortuak, prostituzioa, probrezia eta artea azaltzen dira. Artea oso protagonista da, Yunak, margolaria bihurtzen denean, etxe horretako iluntasuna uztea lortzen duelako. Irakasle batek bere talentuaz konbentzitzen du, laguntzen du eta, azkenean, Arte Ederraki kasi eta bere lanarekin erakusketa bat egiten du. Hor agertzen da edertasuna minari itsatsita.

Aurora Venturini Buenos Airesen hil zen 2015ean. Nobelagile, ipuingile, poeta, itzultzaile, irakasle eta saiogile izan zen. Eva Peronen lagun mina ere izan zen; Psikologia eta Adin txikikoen Berreziketa Institutuan aholkulari gisa lan egin zuenean ezagutu zuen. 1955eko Estatu kolpearen ondoren, Aurora Venturini Parisera erbesteratu zen eta bertan solasaldi eta gau kultural ugari partekatu zituen Simone de Beauvoir, Jean Paul Sartre edo Albert Camus bezalako pertsona ezagunekin.

Berrogei liburu baino gehiago idatzi zituen, baina 2007an lortu zuen ordura arte ukatu zitzaion aitortza, Las primas-ekin eta 85 urterekin. Geroztik, Las Primas etengabe zabaldu da, komentatu da eta irrakurri da, noski. Eleberri eroa da, baina ez zaitu epel utziko. Asteartean, hilak 26, 19:00etatik aurrera, komentatuko dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude