X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Malentendido en Moscú, Simone de Beauvoir

Post honen idazlea: Amaia Garcia

Malentendido en Moscú, Simone de Beauvoir

Navona, 2018

978-84-16259-45-8

179 or.

Datorren asteartean, urtarrilaren 25ean, arratsaldeko 19:00etan, Malentendido en Moscú izango dugu mintzagai Donostiako Liburutegi Nagusiko gaztelaniazko solasaldian. Simone de Beauvoir joan den ikasturtean taldeak iradoki zuen egileetako bat izan zen, eta bere fikziozko izenburu asko deskatalogatuta daudenez, azkenean 2013ra arte argitaratu gabe egon zen lan hau aukeratu dugu. Malentendido en Moscú nobela laburra da, ia kontakizun luzea, baina gai interesgarriak planteatzen ditu eta pentsalari eta idazle horrengana hurbiltzeko aukera ematen du.

Simone de Beauvoir irakaslea, filosofoa eta idazlea izan zen, eta mugimendu feministari egindako ekarpenagatik da bereziki ezaguna. Parisen jaio zen 1908an, familia burges eta kristau batean, eta gaztetatik nabarmendu zen ikasketetan. Lehen Mundu Gerraren ondoren, familiaren hondamendiak markatu zuen haren nerabezaroa. Bigarren mailako ikasketak osatzea eta Filosofian graduatzea lortu zuen, eta 40ko hamarkadaren erdialdera arte irakasle bezala aritu zen, Marseilla, Ruan eta Parisko lizeoetan. 1929tik 1980an hil zen arte, Jean-Paul Sartrerekin harreman irekia izan zuen; biak intelektual konprometituak izanda, konpromisoa edo askatasuna bezalako gaien inguruan hausnartu zuten, ikuspegi existentzialistatik.

Beauvoir-en fikziozko lanen artean La sangre de los otros (1944) Los mandarines (1954, Goncourt sariaren irabazlea) edo Las inseparables (hil ondoren argitaratua, 2020an) nabarmendu ditzakegu. Gainera, liburu testimonial ugari idatzi zituen, hala nola Memorias de una joven formal (1958), La fuerza de las cosas (1963), La vejez (1968) eta La ceremonia del adiós (1981). Baina, beharbada, El segundo sexo (1949) saiakerengatik da ezagunagoa, feminismoaren abiapuntu teoriko berri bat izan baitzen. Simone de Beauvoir 1986an hil zen Parisen, 78 urte zituela, pneumonia baten ondorioz. Irakurri dugun nobela, Malentendido en Moscú, 60ko hamarkadaren amaieran idatzi zen, baina 2013an argitaratu zen hil ondoren.

  • Malentendido en Moscú eleberri laburra da, ia kontakizun bat, eta irakasle erretiratuen senar-emazte Nicole eta Andrék Sobietar Batasunera egindako bidaia kontatzen du. Denboraren igarotzea eta zahartzaroaren etorrera da, beharbada, gai nagusia. Zure ustez, zer da istorioaren muina?

  • Nicole protagonistak bere bizitzaren azken etapara iristeak izan duen eraginaren inguruan hausnartzen du: bai bere bizitza pertsonalean, baita Andrérekin duen harremanean ere. Zer ikuspegi transmititzen du zahartzaroari buruz? Gogoratzen duzu harritu zaituen gogoetaren bat, ados egon ala ez?

  • Errusia sobietarrean egindako egonaldiari esker, intelektual horiek, Andrék batez ere, bertatik bertara ikus dezakete nola funtzionatzen duen gizarte komunistak. Itxaropenen eta errealitatearen arteko kontrastea ez da beti guztiz baikorra. Zer oharrek eman dizute atentzioa?

  • Nicole eta Andrék seme bat dute Parisen, Philippe, eta Moskun bizi da Andréren aurreko ezkontzaren alaba, Masha. Bi belaunaldien artean arrakala bat sortzen da batzuetan, eta jelosia bezalako sentimenduak sortzen dira. Nola interpretatu duzu zuk?

  • Nobelari izenburua ematen dion gaizki-ulertuak zertxobait txikiagoa dirudi, ahanztura edo ustekabeko despistea, minik egiteko inolako asmorik gabe, baina beste dimentsio batzuk hartzen ditu. Zergatik uste duzu hainbesteko garrantzia hartzen duela? Zer paper du irakurri dugun historian?

Urtarriletik aurrera, solasaldiaren ordutegia aurreratu egin da, eta, beraz, Malentendido en Moscú lanari buruz hitz egiteko solasaldia, datorren asteartean, urtarrilaren 25ean izango da, 19:00etan, Liburutegi Nagusiko jarduera-aretoan, San Jeronimo kalean. Sarrera librea da edukiera bete arte, eta sartzeko Covid pasaportea aurkeztu behar da. Solasaldia online jarraitu nahi baduzu, bidali e-maila helbide honetara: alderdiederliburutegia@donostia.eus. Datorren hilabetean, otsailean, Txani Rodriguez idazlea gurekin izango dugu Los últimos románticos eleberriari buruz hitz egiteko.

Zatoz!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude