X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Mi mundo perdido

Astrid Lindgren

KóKINOS, 2025.

151 or.

ISBN: 978-84-19475-99-2.

[…] Ez dakit zer amesten duzun edo desio duzun zure haurrarentzat, baina soilik dakit irakurtzeko amorratzen badago, gose bada, bizitzako edozein etapari aurre egiteko tresna hobeak izango dituela […]

Astrid Lindgren idazle suediarra Pippi Galtzaluzeren egile ezaguna da. Baina, honetaz haratago, 1907an jaio zen idazle honek oso ibilbide emankorra izan zuen, hamaika liburu sail eta eleberri argitaratu zituen eta bere obra 110 hizkuntzara baina gehiagora itzuli zen. Dudarik gabe, haur literaturan erreferente ezinbestekoa da Astrid Lindgren.

Mi mundo perdido liburua maitasun gutun bat da: fantasiari, ametsei, haurren barne munduei, liburutegiei, inspirazioari, irakurketari eta hari esker irekitzen zaizkigun bide eta aukera guztiei.

Haurren literaturaren defentsa sutsuaren maistra, horrelaxe zioen:

Baita ere galdetzen didate: “Ezingo zenuke helduentzako liburu bat idatzi?”. Haurrentzako hainbeste liburu idatzi ondoren, zerbait hobera pasatzeko unea dela esan nahiko balute bezala. Ez, ez dut helduentzako idatzi nahi. Mirariak egiteko gai den publiko batentzat idatzi nahi dut. Haurrek mirariak sotzen dituzte irakurtzen dutenean.

Astrid Lindgren idazlearen pasiozko pentsamenduetatik bidaia egiteko aukera eskaintzen digu liburu honek. Atalez atal bere bizi ibilbidea, pasarteak, hausnarketak, han eta hemen emandako hitzaldietan murgiltzn gara.

Edertasun paregabearekin azaltzen du nola iritsi zen haurra zela literatura beregana, nola harrapatu zuen bere arima, nola aurkitu zuen beretzako leku seguru bat eta nola inoiz ez duen inoiz mundu hori utzi nahi izan… haur literatur idazle bilakatzeraino.

Horregatik, haur literatura idazteaz, haurren mundua errespetatzeaz eta haurren literaturak dituen tabuez dihardu, besteak beste, liburu honetan, bere esperientziaren talaiatik. Baina premisa bat ahaztu gabe: haurrek hunkituko dituzten liburuak eskatu beharko lituzkete, negar, dar-dar, barre egin araziko dietenak!

Imajinazioa, beste mundu batzuk amestea, gozamena… lehen lerroan jartzen zituen Astrid Lindgrenek. Baina, horretaz haratago, maitasunaren balioaren gorazarrea, haurren eskubideen defentsa, indarkeriarik gabeko bizitza baten aldeko aldarria. Denak bat dira: Astrid Liedgren eta bere obra, bereiztu ezin direnak.

Bide ezin ederrago bat proposatzen zuen berak munduan egoteko: irakurketa.

Ezin duzu gauza handiegirik egin zure haurraren zoriontasun eta zorigaitzagatik. Baina gauza bat egin dezakezu. Triste dagoenean kontsolatzeko bide bat aurkitzen eta bizitza grisa dela sentitzen duenean poztasuna eta edertasuna aurkitzeko gune bat topatzen lagun diezaiokezu. Inoiz alboratuko ez duten lagunak eman diezazkiokezu… Bai, liburuetarako bidea erakuts diezaiokezu. 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude