
Susa, 2024
153 or.
ISBN 978-84-19570-26-0
Iñigo Astiz idazlearen Monogamoak ipuin liburua izango da mintzagai abenduaren 3an, asteartea, arratsaldeko 19:00etan Liburutegi Nagusiko Ekitaldi Aretoan (San Jeronimo kalean) Iñigo Aranbarri gidatzailearekin egingo den solasaldian.
Iñigo Astiz Martinez (Iruñea, 1985), idazle eta kazetaria da eta gaur egun Berria egunkariko kultura sailean lan egiten du. Literatura alorrean bereziki poesia landu du eta 2019an Lauaxeta saria jaso zuen Analfabetoa poema liburuarekin. Aurretik Baita hondakinak ere (2012) argitaratu zuen eta badu ere haurrentzako poema liburu bat Joemak eta polasak, Maite Mutuberriaren irudiekin, 2020ko Euskadi Literatura Saria jaso zuena. Bestalde, bi antologia euskaratu ditu, Sylvia Plathen Ariel eta beste poema batzuk (2013) eta Sandro Pennaren Bilduma bat (2019). Monogamoak, bere lehenengo narrazio liburua, hamasei ipuinez osatua dago:
1. «Gizon on bat»
2. «Diego Armando Maradona»
3. «Galletak»
4. «Arco Iris»
5. «Biribilguneko biztanleak»
6. «Irlak»
7. «Svastikak»
8. «Itzultzea»
9. «Ikonoklasia kasu bat»
10. «Gure bazterrak»
11. «Monogamoak»
12. «Santua»
13. «Tximino infinituaren teorema…»
14. «Neskalaguna»
15. «Monobolumena»
16. «Oreina»
Jarraian lagin moduan «Gizon on bat» ipuinaren hasierako paragrafoa:
«Artean ez nuen hura despedida oparia izango zela jakiterik. Eta halere, egun hartan, arinagoak iruditu zitzaizkidan haren urratsak, etxera iritsi zenean. Bederatzi urte izango nituen eta eskolako ariketekin ari nintzen, sukaldeko mahaian eserita, beste edozein egunetan ere gerta zitekeen bezala. Amak deitu ninduen egongelara. Juanma etorri zela esan -ez zen egunero gertatzen-, eta niretzako sorpresa nat zuela iragarri zidan. Mesfidantza puntu batekin joan nintzen eta han topatu nuen gizona zutik, bere handian, ohi zuen bezala, burua ezkerretarantz makurtu antzean, ile xerloak pixka bat koipetsu, irribarrez, bizkarrean erdi ezkutuan kartoizko kutxa bat zekarrela. Eskolan egun ona izan ote nuen galdetu zidan. Ohi baino ahots apalagoa zuen eta, erantzunik itxaron gabe, keinu azkar batez erakutsi zidan kutxa. Bi eskuekin heltzen zion bular parean, eta poliki makurtuz utzi zuen lurrean, justu nire aurre-aurrean, oinetatik gertu.» 7. or.
Ipuin solteak dira, bakoitza bere autonomiarekin. Estilo eta gaien aldetik berriz, badituzte antzekotasunak, kasu gehienetan buruhausteak edo pentsarazteko egoerak agertzen zaizkigu. Aurreiritziak errepikatzen dira, eta baita ere bukaera irekiak. Idazlea jolasean dabil etengabe, irakurlea despistatzea du helburu. Gaiei dagokionez, era askotakoak dira eta gizarte ingurunea nagusitzen da, besteak beste, familia harremanak, lagun artekoak, haurrak, zaharrak, komunikazio arazoak, zaintza eta gaixotasunak. Bestalde, gai politikoak agertzen dira, eta azkenik animalien munduak ere badu presentzia.
Monogamoak liburuaren solasaldia aurtengo azkena izango da eta laster jakinaraziko zaigu datorren urteko irakurketen zerrenda.