Ikastolen Elkartea, 2023
58 or.
Xabiroi
ISBN 9788412717891
14 urtetik aurrera
Uxue Alberdik idatzitako eta Susanna Martinek ilustratutako eleberri grafikoa da “Surflaria“. 2023an argitaratua, Xabiroi komiki aldizkarian. Amaia, protagonistak telefono-dei bat jaso du esanez Eki, duela hamarkada bat itsasoan desagertu zen lagun eta maitale ohia, ofizialki hilda dagoela. Misterio-elementuak konbinatzen dituen bidaia batera bultzatzen du albiste honek, eta bizitzari, heriotzari buruzko gaiak aztertzen ditu.
Emakumeak dira protagonista heriotzari eta bizitzari buruzko istorio honetan. Bi egileek gaurkotasun handia duen gaia jartzen dute mahai gainean: heriotzan laguntzearena, hain zuzen ere. Ezohiko gaia da hau gazte-literaturan. Protagonistaren bizitzako hainbat une garrantzitsu kontatzen dira, pertsonaiaren barne-mundua eta bere harremanak arakatuz. Liburuakhainbat gairi heltzen dio, hala nola, maitasuna, erlijioa eta adiskidetasuna.
Azala irakurriz eta begiratuz gero, pentsa genezake komiki arina eta udan irakurtzekoa dela baina laster konturatuko gara oso istorio sakona dela eta amaieran ezusteko bat emango digu.
Uxue Alberdik eta Susanna Martinek, batak zein besteak, ibilbide luzea dute narraziogintzan. Honako hau, Uxuek argitaratzen duen lehen komikia da. Susanna Martinek, berriz, dozena bat komiki eta ilustrazio argitaratu ditu jada. Elkarrekin lan egiten duten lehen aldia da hau.