X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Tristana, Benito Pérez Galdos

Post honen idazlea: Amaia Garcia

Tristana, Benito Pérez Galdós

Literatura Random House, 2021

199 or.

ISBN 978-84-397-2936-5

Donostia Kulturako Liburutegi Nagusiko gaztelaniazko solasaldian, 1892an argitaratutako Tristana eleberriaz hitz egin da.

Benito Pérez Galdosen lanen artean, Tristanak gero eta garrantzia handiagoa hartu du, denboraren poderioz. Gaur egun nobela “moderno” gisa irakurtzen jarraitzen da, feminismoaren berezko kezkak islatzen dituena.

Benito Pérez Galdós Espainiako eleberrigile handienetako bat da, eleberri errealistaren ordezkari onenetakoa, eta gaztelaniazko narratibaren modernizatzaile handia. Kanaria Handiko Las Palmasen jaio zen 1843an, armadako koronel baten eta gipuzkoar jatorriko kanaria baten hamargarren semea zen. 1862an Madrilera joan zen Zuzenbidea ikastera, baina Unibertsitatea utzi eta kazetari, antzerkigile eta idazle gisa egin zuen ibilbidean zentratu zen. Antzokietan ibiltzen zen, “Kanarietako tertulia” batera joaten zen, eta Ateneoko kidea zen. 1867an berriemaile bezala Parisera egindako bidaia batek, Erakusketa Unibertsala ezagutzeko, Balzac eta Dickensen lanak ezagutzea ahalbidetu zion. 1870eko hamarkadaren hasieran bere literaturako bokazioa argi zuen eta bere lehen eleberriak idatzi zituen, bere proiektu handiaren lehen liburukiak barne, “Episodios nacionales”: XIX. mendeko kronika literarioa.

Aldi berean, eta 40 urte baino gehiago zituelarik, karrera politiko bat garatu zuen, behin baino gehiagotan Kongresuko ordezkari bezala aukeratua izan zelarik, indar politiko liberal, errepublikano eta sozialistek aukeratua. Espainiako Akademia Errealaren kide ere aukeratu zuten 1897an, eta, hainbatetan, Literaturako Nobel sarirako proposatu zuten, nahiz eta botere kontserbadoreek boikota egin zioten bere hautagaitzari. Galdos ez zen inoiz ezkondu eta asko espekulatu da bere bizitza sentimentalaz. Emilia Pardo Bazan idazlearekin 20 urte baino gehiagoko harremana izan zuela jakina da: ideia eta proiektu literarioak partekatu zituzten eta elkarri eragin zioten. Bere bizitzaren amaieran zailtasun ekonomikoak eta osasun arazoak izan zituen, eta ia ahanztura instituzionalean erori zen. Madrilen hil zen 1920ko urtarrilaren 4an, eta 30.000 herritar baino gehiago joan ziren haren ehorzketara, Fortunata y Jacinta, Doña Perfecta, Misericordia… lanen egilearekiko estimu handia erakutsiz.

Galdosen lanen artean, Tristanak, hasieran esan bezala, gero eta garrantzia handiagoa hartu du, denboraren poderioz. Gaur egun nobela “moderno” gisa irakurtzen jarraitzen da, feminismoaren berezko kezkak islatzen dituena. Gaur egungoa iruditu zaizu, interesgarria?
Bere obran zehar, Galdosek kontatzeko modu propio bat garatu zuen, estilo zuzenaren erabilerak, naturaltasunaren bilaketak eta lagunarteko terminoen txertaketak markatua. Elementu horietakoren bat antzeman duzu testuan?
Tristanaren argumentua, itxuraz, sinplea da, antzezlan baten antzekoa, eszenatoki gutxi batzuekin eta elkarrizketetan duen pisuarekin. Epistolar zati bat ere badago. Argumentua sendoa dela iruditu al zaizu?
Pertsonaia femenino konplexuak eraikitzeko zuen gaitasuna miretsi ohi da Galdosen. Bere istorioetako askotan emakumeak dira protagonista: eleberri honetan Tristana eta, neurri txikiagoan, Saturnan. Nolakoak dira?
Kontatutako istoriotik haratago, eta tesi eleberri bat izan gabe, Tristanak ideia edo kezka batzuk planteatzen ditu, batez ere garaiko emakumeentzat benetan aske izatea zein zaila zen. Ondoriorik atera duzu?
Nobelaren itxierak amaiera zoriontsua dirudi, eguneroko bakez eta etxeko alaitasunez betea, dagokion ezkontzaren ondoren. Baina ironia asko dago, sarkasmoa: “Zoriontsuak al ziren bata eta bestea? Nola interpretatu duzu zuk?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude