X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Túneles, Rutu Modan

Túneles, Rutu Modan

Salamandra graphic, 2022

287 or.

ISBN 9788418347627

 

Jerusalemen gaude, gaur egun. Bertan dugu Nili Broshi gure protagonista emakumea, arkeologoa izandakoa, seme baten ama, Doctor izenekoa. Niliren aita arkeologo judu ospetsua izan zen, eta orain burua galduta dago, gaitzak jota. Akzioa hasiko da bildumazale aberats bat behartuta dagoenean bere arkeologia bilduma osoa unibertsitateari dohaintzan ematera. Bilduma horretan Nilik buztinezko taula babiloniar bat aurkituko du, non azaltzen den Itunaren Kutxa mitikoaren kokapena (Indiana Jonesen filman bezala, bai). Orduan hasiko da Kutxaren bilaketa zoro bezain kaotikoa, non batuko diren rabino ultraortodoxoak, palestinarrak, soldadu judutarrak, ISISeko terroristak, eta beste hainbat pertsonaia, zein baino zein senetik irtendakoa.

Abiapuntu horretatik emango luke abentura eta akziozko filme baterako moduko istorioa, baina Rutu Modanek beste jite bat emango dio, alegia, fartsa edo nahaste-komedia bat sortuko du, non egileak kritikatuko duen Israel eta Palestinaren arteko gatazka eta eguneroko bizimodu surrealista. Nondik ikusten den, baita ere esan daiteke komedia kostunbrista bat dela, Aquí no hay quien viva-ren moduko bat-edo, gizakion eta gure arteko harremanen absurdoaren isla.


Komikiaren estiloa oso tintineskoa da: Gaia eta marrazki estiloa Hergéren estilokoa da erabat, alegia, kolore lauak, marra garbia, marrazki sinpleak, abentura exotikoak, eta abar. Pertsonaiak ere, ildo horretakoak: Hortxe dugu bildumazale milioiduna, Rastapoulos baten antzekoa; bere emazteak, berriz, Kastafiore gogorarazten du; Rafi Sarid, arkeologo gaiztoa, eta abar. Hala ere, ezin da esan kalkoa denik, izan ere artistaren estiloa nabarmen ageri da, batez ere istorioaren ikuspuntuan eta azidotasun eta fartsa-kutsuan (hori Hergék ez zuen sekula azaldu).

Túneles borobila da guztiz, hasi eta buka, ez dauka akatsik. Esango nuke publiko guztietarako aproposa dela, batetik, abenturak dakarren zirrara goza baidaiteke, eta bestetik, gizarte kritika helduago bat edota Israelgo errealitatearen isla ere gozatu daitekelako.

Horiek guztiak eta beste hainbat izan genituen hizpide DK Irratiko Ispilu Beltza irratsaioan egindako elkarrizketan. Hementxe duzue entzungai:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude