X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Un día en la vida de una mujer sonriente, Margaret Drabble

Post honen idazlea: Amaia Garcia

Un día en la vida de una mujer sonriente, Margaret Drabble

Itzultzailea: Miguel Ros González

Impedimenta, 2017

281 p.

ISBN 978-84-16542-79-6

Datorren asteartean, abenduaren 27an, Margaret Drabble idazle britainiarraren Un día en la vida de una mujer sonriente kontakizun-bildumari buruz arituko gara Liburutegi Nagusiko gaztelaniazko solasaldian. 2017an argitaratu zen, eta genero horretako bere ekoizpen osoa osatzen duten hamahiru kontakizunak biltzen ditu antologia honek.

Margaret Drabble eleberrigile eta literatura-kritikari britainiarra da. Sheffielden jaio zen, Yorkshiren, Ingalaterran, 1939ko ekainaren 5ean (83 urte ditu). John F. Drabble abokatu eta eleberrigilearen eta Kathleen Marie maisuaren bigarren alaba zen. Ahizpa zaharrena, A.S. Byatt ere eleberrigilea da eta ahizpa gazteena, Helen Langdon, historialaria. Bere amak lan egiten zuen Yorkeko Mount School barnetegian ikasi zuen, eta Ingelesa (Ingeles Filologia) ikasteko beka lortu zuen, Cambridgeko Newham Collegen. 1960an Royal Shakespeare Companyren kide bihurtu zen. Bertan Diana Rigg edo Vanessa Redgrave aktoreekin batera lan egin zuen, baina konpainia utzi eta ibilbide literarioan zentratu zen. 1960 eta 1975 artean Clive Swift aktorearekin ezkonduta egon zen, eta hiru seme-alaba izan zituzten: Joe Swift (kazetaria), Adam Swift (akademikoa) eta Rebecca Swift (poeta eta editorea, 2017an hil zen). 1982an Michael Holroyd idazle eta biografoarekin ezkondu zen; Londres eta Somerset artean bizi dira.

Bere lehen eleberria, A Summer Bird Cage (Una jaula en un jardín de verano), 1963an atera zen. Ordudanik hogei bat eleberri argitaratu ditu; lehenik Weidenfeld & Nicolson argitaletxearekin, eta aurrerago Penguin eta Vikingekin. Eleberriez gain, antzerkirako eta zinemarako gidoiak, kontakizun laburrak eta ez-fikziozko lanak idatzi ditu; literatura-kritika egin du eta sari ugariren epaimahaikide izan da. Bere istorio gehienetan gai komuna gaur egungo gizarte ingelesaren eta bere kide indibidualen arteko korrelazioa da. Zentzu horretan, bere istorioak egoera ekonomiko eta politikoaren isla dira. Protagonista gehienak emakumezko pertsonaiak dira, eta horietako asko bere esperientzia pertsonalez elikatzen dira. Hasierako lanetan, neska gazteen 60-70eko hamarkadetako bizitza deskribatzen zuen: itxaropen sozialak eta helburu pertsonalak, amatasuna, gatazka intelektualak… Ondorengo obretan, adin ertaineko emakumeen eta adineko emakumeen ikuspegia hartzen du.

  • Antologia osatzen duten hamahiru kontakizunak ordena kronologikoan aurkezten dira, argitalpen-dataren arabera, eta ia lau hamarkadako lanaren erakusgarri dira. Ikusi al duzu lehenengotik azkenekorako bilakaerarik? Eta gaiari edo estiloari dagokionez, elementu komunak antzeman dituzu?

(konparatu, adibidez, “La torre de Hasán” eta “La viuda alegre”)

  • Behin eta berriz agertzen diren gaietako bat bidaiak dira: sarritan gertaera eragile gisa jokatzen du, edo narrazioa gidatzen duen elementua da. Zergatik uste duzu egileak bere pertsonaia asko bidaiarazten dituela? Zer ekarpen egiten dute bidaia horiek: egoera berriak, kanpoko / barruko bilaketa?

(pentsatu “Cruzando los Alpes” edo “Las cuevas de Dios” kontakizunetan)

  • Aipatu dugu Drabbleren narratiban protagonista gehienak emakumezko pertsonaiak direla, eta halaxe gertatzen da kontakizunetan ere. Gainera, kasu askotan emakume arrakastatsuak dira beren ibilbide profesionaletan. Zer kontatzen digute istorio hauek arrakastari buruz, eta gizarteari buruz?

(berrikus ezazu “Una historia de éxito” edo “Un día en la vida de una mujer sonriente”)

  • Agian bildumako kontakizunak deskribatzeko lehenik bururatzen zaigun adjektiboetako bat “britainiarra” da: paisaia ingelesak agertzen dira, batez ere landa, ohiturak eta gastronomia, baita literatura-erreferente ugari ere… Britaniar elementua antzeman al duzu egoera eta elkarrizketetan?

(“La residencia de la viuda” eta “Rumbo al Oeste” adibide onak izan daitezke)

  • Oro har, Drabbleren narrazioek ez gaituzte gertakari handiekin aurrez aurre jartzen, baizik eta eguneroko egoerekin, sotiltasun handiz eta ñabardura askorekin kontatzen direnak. Lortu al dute zu harrapatzea, gozatu duzu irakurketarekin? Interesgarriak edo funtsik gabekoak iruditu zaizkizu?

Un día en la vida de una mujer sonriente liburuari buruz hitz egiteko hitzordua hileko azken asteartean izango da, abenduaren 27an, 19.00etan, Liburutegi Nagusiko jarduera aretoan, San Jeronimo kalean. Urte berrian Abdulrazak Gurnah-ren Paraíso-rekin itzuliko gara: 2023ko urtarrilaren 31an izango da.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude