X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Ura saltoka: natura eta kultura jolasean

Juan Kruz Igerabide

Ura saltoka: natura eta kultura jolasean
Alberdania, 2023
230 or.
ISBN: 978-84-9868-806-1

Juan Kruz Igerabide idazlearen Ura saltoka: natura eta kultura jolasean liburua izango da mintzagai martxoaren 12an, asteartea, arratsaldeko 19:00etan Liburutegi Nagusiko Ekitaldi Aretoan (San Jeronimo kalean). Oraingo honetan Igerabidek saioan parte hartuko du eta Iñigo Aranbarri solasaldiaren ohiko gidatzaileak liburuaren inguruko elkarrizketa egingo dio. Elkarrizketa irekia izango da bertaratutako guztien parte-hartzearekin.

Juan Kruz Igerabide Sarasola (Aduna, 1956) idazle eta poeta, irakasle ere izan da Euskal Herriko Unibertsitatean. Literaturari dagokionez, arlo gehienak landu ditu, bereziki haur eta gazte literatura, baita poesia, saiakerak eta eleberriak ere. Bere literatur ibilbidean sari garrantzitsuak jaso ditu, besteak beste, Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria (Jonas eta hozkailu beldurtia, 1999), bi aldiz Espainiako Kritika Saria (Mailu isila, 2002 eta Lainoa janez, 2015) eta Espainiako Haur eta Gazte Literaturaren Sari Nazionala (Abezedario Titirijaio, 2018).

Bereziki haur eta gazte literaturan nabarmendu bada ere, helduentzako poesia idazten hasi zen: Notre Dameko oihartzunak (1984), Bizitzarekin solasean (1989), Sarean leiho (1994), Mailu isila (2002), Munduko ibaien poema (2004), Gorputz osorako poemak (2005), Aienatze-marra/Línea de fugacidad (2009), Lainoa janez (2015) eta Maite poemak hasiberrientzat (2016).

Aforismo liburuak ere idatzi ditu: Herrenaren arrastoa (1998), Egia hezur (2004), Labur txintan (2017) eta Motx-Motxean: aforismoak hasiberrientzat (2021).

Baita nobelak ere: Hamabi galdera pianoari (1999), Hauts bihurtu zineten (2005), Bagdadeko aurpegiak (2007), Elurra sutan (2009), Motoa (2012), Zangotraba (2014), Ez lemaio, Arrasateren erreketa (2017), eta Doneaneko alaba (2012).

Saiakeren artean Bularretik mintzora (1993) eta azkenik berriki argitaratu duen Ura saltoka (2023), saiakera eta autobiografia sentimental arteko kontakizun entziklopedikoa.

Honela dio liburuaren hasierako lehen paragrafoak:

Ez dut izan neure bizitza literarioan txoko lurrin-loretsu horietakorik, locus amoenus petorik, hantxe jarri eta inspiratzeko; ez naiz Quintus Horatius Flaccusen sokakoa, ez nago Vicente Aleixandreren lore-baratzean, ez zait ondina greziarrik gerturatzen, es eta Lorelei germaniarrik, zain-zain jarrita ere, eta Virigilioren Eglogak eta Bukolikoak, berriz, urrun geratzen zaizkit; ibilia naiz, ez pentsa, euskal mendietako artzainen saroiak zeharkatzen, haietan arnasberritzen, bihotz-berritzen, baina ez dut eglogarik idazteko txinpartarik atera. Arima-jarrera horretatik gertuen, beharbada, Urbiako zelaian egongo nintzen behin edo behin, bihotza iraultzeko zorian, baina aski izan zen hango mamia eta arroz-esnea dastatzea neure burua frekuentzia prosaikoago batera ekartzeko; esne-mamitan, hori bai”. 13 or.

Ura saltoka hogeita hamazazpi ataletan banatzen da eta bakoitza gai baten inguruan idatzia dago hausnarketarako entziklopedia labur baten tankerakoa. Atal gehienetan naturaren inguruko gaiak aurkituko ditugu eta era guztietako erreferentzi ugari, bai historikoak, literarioak, kulturalak, zientzia arlokoak, edo kezka sozialak, beti interesgarriak gaia horietan sakondu nahi duten irakurleentzat. Gaiari dagokionez liburu erakargarria zalantzarik gabe eta estilo dotorean idatzia, literatura eta idazlearen bizipenak ondo uztartzen dituen maisulana.

Ez galdu solasaldira joateko aukera, oraingoan idazleak zuzenean parte hartuko du eta bestalde liburua irakurri nahi duenak, erraz eskuratu dezake liburuegietan, eLiburutegi digitalean edo liburu dendetan.

Azkenik, hurrengo hiru saioetako egitaraua jakinarazten dizuet:

Apirilak 9: Sonka, Ignacy Karpowicz, Pasazaite, 2023

Maiatzak 7: Zoonomia, Nerea Arrien, Pamiela, 2022

Ekainak 4: Gaueko azken expressoa, Eneko Aizpurua, Alberdania, 2023

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude