Erein, 2025.
74 or.
ISBN 978-84-1093-024-7
12 urtetik aurrera
Gaurko gomendioa, Maixa Zugastiren Zozabarrak (Erein, 2025), irakurri eta berehala bihotza estutzen dizun nobela da.
Istorioak June neska gaztearen bidea jarraitzen du. Ustekabeko ikasgela-aldaketa batek Juneren bizitza hankaz gora jarriko du: indarkeria eta ankerkeria ezagutuko ditu, bai eta izua ere. Baina liburuak badauka sakoneko mamirik: udazkenean, zozabarren etorrerarekin, haurtzaroko atea betiko itxiko da, eta garai ilun horretan adiskidetasuna ere agertuko da, Loretorena eta Mariarena hain zuzen ere.
Egilearen aurreko lanen ildoan kokatuta, liburuak lekua aurkitzen du gaur egungo haur literaturan emozioen lanketa modu sotilean egiten duen proposamen gisa. Liburuaren gai nagusia jazarpena da, gaur egun teknologiaren bidez ikastetxeetako hormak gainditu eta biktimen bizitzetako zirrikitu guztietara hedatzen dena. Gaia latza da, bai, baina Zugastik maisutasunez josi du adiskidetasunarekin zein belaunaldi arteko loturekin, eta, horrela, irakurketa bizia eta mamitsua lortu du.
Maixa Zugasti tolosarra 1973an jaio zen eta urte luzez irakaskuntzan aritu ostean, gaur egun idazle jardunean dabil. 2017an LAA eleberriak Irungo Hiri Literatura Saria eman zion. Eleberria indarkeria matxistaren gaineko lan latz eta ausarta da. Harrezkero ez da geldirik egon. Izan ere, azken urteotan Ahotsak eta itzalak (2018), Atarian (2022), Tximeletak hondartzan ipuina (2019) eta Hostoen hezurdura unatua poema bilduma (2021) argitaratu ditu. Zozabarrak da bere lehenengo nobela irakurle gazteentzat.
12-16 urte bitarteko gazteei zuzendutako lan hau Ereinen Perzebal bildumaren 50. zenbakia da. 80 orrialde baino ez ditu, baina aztarna handia uzten du.
