X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Ahanzturaren aingerua

Maja Haderlap

Itzultzailea: Idoia Santamaria Urkaregi
Pamiela, 2025
246 orrialde

Maja Haderlap idazlearen Ahanzturaren aingerua eleberria izango da mintzagai
azaroaren 3an, asteartea, arratsaldeko 19:00etan Iñigo Aranbarri gidatzailearekin Liburutegi Nagusiko Mandasko Dukea aretoan egingo den solasaldian. Liburua eskuragarri dago liburutegietan, eLiburutegia plataforma digitalean eta liburu-dendetan.

Maja Haderlap (Eisenkappel-Vellach, Karintia, 1961) eslovenieraz eta alemanez idazten duen austriar idazlea, gaur egungo Europako idazle handienetakoa da. Dramaturgia eta germanistika ikasketak egin zituen Vienako Unibertsitatean, eta Klagenfurteko Unibertsitateko Literatura Konparatuko Institutuan irakatsi zuen. Hiri horretan, udal antzerkiaren zuzendaria izan zen (1992-2007) eta saiakera bat idatzi zuen esperientziaren inguruan.

2011an Engel des Vergessens (euskaraz Ahanzturaren aingerua), nobela entzutetsua idatzi zuen. Austria hegoaldeko Karintiako esloveniar gutxiengoko neskato baten bizitza kontatzen du, Bigarren Mundu Gerrak eta nazien jazarpenak zigortutako familia baten bizitza. Gerra aspaldi amaitu bazen ere, bizirik dirauten zauriak geratu dira familian, isiltasunaren, beldurraren eta sufrimenduaren bidez belaunaldiz belaunaldi transmititzen direnak. Beste gai nagusietako bat hizkuntza-identitatea da. Protagonista bi hizkuntzaren artean bizi da: esloveniera, etxeko eta emozioen hizkuntza; eta alemana, eskolakoa, administrazioarena eta bizitza publikoarena. Oro har, Ahanzturaren aingerua memoria historikoari buruzko eleberri sakona da.

Argitaratua izan zen urteko Ingeborg Bachmann Saria jaso zuen, alemanez idatzitako literaturako sari entzutetsuenetako bat. Hainbat hizkuntzatara itzuli da eta euskarazko itzulpena Idoia Santamaria Urkaregik egin du.

Idoia Santamaria Urkaregi (Donostia, 1962) itzultzailea eta zuzentzailea da. Zenbait literatura-lan ditu itzuliak. Besteak beste, E.M. Fosterren Aingeruak nekez ausartzen diren tokian (1992), Friedrich Dürrenmatten Epailea eta haren borreroa (2018) eta Ingeborg Bachmannen Aldibereko ipuin-liburua (2019). Azken honekin euskarazko itzulpen saria jaso zuen 2020ko Euskadi Literatura Sarietan.

Liburuaren hasiera:
“Keinu batez, berari jarraitzeko agindu dit amonak.
Ketze-sutegia zeharkatu, eta jaki-tokian sartu gara. Sabaian itsatsitako ke zaharrak erretxina beltz koipetsua dirudi. Haragi ketuaren eta ogi labetik atera berriaren usaina inguruan. Lurrun garratz bat airean, txerrientzako janari-hondarrez betetako pertzetatik goratzen dena. Buztinezkoa da zorua, baina hain distiratsua atzera-aurrera usueneko tarteetan, txartatua baitirudi.” 7. orld.

Hurrengo solasaldian, abenduaren 1ean, Edorta Jimenezen Aizkorak eta gutunak eleberria aztertuko da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude