X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Almas muertas, Nikolái Gógol

 

Post honen idazlea: Amaia García

Almas muertas, Nikolái Gógol

Edaf, 2006

506 or.

ISBN 84-414-0947-1

Datorren asteartean, apirilaren 26an, Donostiako Liburutegi Nagusiko gaztelaniazko solasaldian Nikolái Gógolen Almas muertas lanari buruz hitz egingo dugu. Kasu honetan hemeretzigarren mendeko literatura klasikoaren alde egin dugu, XIX. mendearen erdialdeko Errusiara eramaten gaituena. Elementu errealak, satirikoak, absurdoak eta fantastikoak nahastuz, garai hartako gizartea nolakoa zen erakusten digu; oraindik ere, mirabeak bazeuden.


Nikolai Gógol Soróchinstsy-n (Poltava eskualdean, Errusiar Inperioan – gaur egun Ukrainan) jaio zen 1809an, Ruteniako noblezia baxuko familia batean. Aita lurjabe txiki bat zen, funtzionario ohia eta antzerkizalea, eta idazlea izango zenak 16 urte zituela hil zen. Amak, sinesmen erlijioso sendokoa, semeari transmititu zion mistizismorako joera zuen. Nikolái Gógolek, 12 anai-arreben seme nagusia zenez, familia-ogasunaren kudeaketaren ardura hartu behar izan zuen. 1828an San Petersburgora joan zen, literaturan aritzeko itxaropenarekin ilusionatuta. Burokrata gisa lan egin zuen tsaristen administrazioan, Pushkin poetaren lagun egin zen eta historia eskolak eman zituen Unibertsitatean. Garai hartan hainbat kontakizun eta El inspector komedia satirikoa argitaratu zituen: azken horrek sortutako polemikak erbesteratzera behartu zuen eta bost urte eman zituen Italian eta Alemanian bizitzen, Suitzara eta Frantziara ere bidaiatuz. Orduan izan zen Almas muertas eta Tarás Bulba eleberri historikoa idatzi zituenean; lehenengoaren lehen zatia 1842an argitaratu zen. Urte batzuk geroago, Jerusalemera erromesaldia egin ondoren, literatura alde batera utzi eta erlijiora dedikatzea erabaki zuen; Almas blancas izenburupean lantzen ari zen Almas muertas liburuaren bigarren zatia erretzera ere iritsi zen. Bere osasun mental eta fisikoak azkar okerrera egin zuen eta 1852ko udaberrian hil zen Moskuko Nikitski Bulebarreko etxe batean, gaur egun museo-etxe gisa kontserbatzen dena.
Nabokovek Gógoli buruz idatzi zuen Errusiako literatura Ikastaroan: “’Ideien’, ‘datuen’ edo ‘mezuen’ bila dabilena, ez dadila hurbildu Gógolera”. Ohartarazpen hori gorabehera, zer ikuspegi transmititzen digu XIX. mendeko errusiar gizarteaz Almas muertas lanak?
• Kritikari batzuek Almas muertas eta El Quijoteren arteko paralelismoak aurkitu dituzte. Badira nobela pikareskoaren tradizioan kokatzen dutenak ere. Erreparatu al diozu tesi horiek babesten dituen elementuren bati; adibidez, istorioaren egitura ibiltariari?
• Pikareskan ohikoa ez bezala, narrazioa ez da protagonistaren ardura, baizik eta ahots narratzaile arrotz bat dago, askotan pluraleko lehen pertsonari dei egiten diona (gure heroia, gure herria; ikusten, espero genuen). Zein izan daiteke asmoa?
• Tramak aurrera egin ahala, protagonistaren plana ulertzen dugu, Chichikov-ena; bere ustez, huts egitea ezinezkoa da: hildako morroiak erosi nahi ditu, eta horrela jabeen zergak arindu. Zer lortu nahi du benetan? Gaitzesgarria da? Zergatik egiten du porrot?
• Chichikov-ez gain, eleberriko bigarren mailako pertsonaiek ezaugarri groteskoak dituzte, gehiegizkoak: karikaturizatuta daude. Zer akats irudikatzen dituzte, zure ustez? Ezaugarri indibidualak dira, edo haien klase edo estamentu osora estrapolatu ditzakegu?
Almas muertas lanaren argitalpen askok, bigarren ataletik berreskuratu ahal izan diren zatiak barne hartzen dituzte. Irakurri badituzu, zer desberdintasun ikusten dituzu lehen zatiarekin alderatuta, testua amaitu gabe eten izanaren ondorioez harago?
Gai horiek eta beste asko izango ditugu hizpide Almas muertas eleberrian oinarrituta, datorren asteartean, apirilak 26, 19.00etan Liburutegi Nagusiko jarduera aretoan, San Jeronimo kalean. Sarrera librea da edukiera bete arte. Solasaldia online jarraitu nahi baduzu, bidali e-maila helbide honetara: alderdiederliburutegia@donostia.eus.
Datorren hilean, maiatzean, Hermano de hielo eleberriaren inguruan hitz egingo dugu, eta Alicia Kopf egileak bisitatuko gaitu. Gainera, azken saio hauetan datorren ikasturterako irakurketa proposamenak jasoko ditugu. Iradokizunik?

 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude