X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Argialdiak

Miriam Luki

Argialdiak
Susa, 2023
97 or.
ISBN: 978-84-19570-09-3

Miriam Luki idazlearen Argialdiak ipuin liburua izango da mintzagai urtarrilaren 9an, asteartea, arratsaldeko 19:00etan Liburutegi Nagusiko Ekitaldi Aretoan (San Jeronimo kalean). Luki idazlea saiora gonbidatua izan da eta Iñigo Aranbarri solasaldiaren ohiko gidatzaileak liburuaren inguruko elkarrizketa egingo dio.

Miriam Luki (Urretxu, 1973), ogibidez kazetaria eta afizioz literatur zalea da. Nagusiki herri kazetaritzan idatzi izan du eta baita Behinola haur eta gazte literaturaren aldizkariaren ere. Argialdiak bere lehen fikziozko argitalpen honi esker Gipuzkoako Liburu denden Elkartearen Zilarrezko Euskadi saria eskuratu du. Poesia ere idazten du eta 2017an Urretxu eta Zumarragako udalek antolatutako Iparragirre poesia saria irabazi zuen.

Guztira bederatzi ipuin dira Argialdiak osatzen dutenak eta bederatzigarrena hain zuzen Argialdia liburuari izenburua ematen diona .

  1. Nora

  2. Lau hankan

  3. Inbasioa

  4. Bi dei

  5. Soufflea

  6. Paseoa

  7. Errusiar erruleta

  8. Magnolia

  9. Argialdia

Argialdia 91. orrialdean:

Teresa Salaberri leiho ondoko besaulkian jarrita dago, kanpora begira, baina ez du ezer ere ikusten. Ez zedroak, ez gereziondo japoniarra, ez urkiak eta sakonean ageri den fabrikaren kea ere. Bere begiak trapuzkoak dira. Gorputza laburra, iluna eta idorra du. Inoiz luzea izandakoa, orain bizkarrak konkortuta eusten dio azalari. Gela barruko argia zuria den arren, urdina ematen du, neguagatik. Zahar usaina dago. Ez zaio ahoa ikusten, maskarak estaltzen du. Teresaren eskuak gurutzatu gabeko zangoen gainean lotuta daude, lepoa leiho aldera bihurtuta. Ezkerreko oinaren dantzagatik ez balitz, egunero bezain bare dagoela pentsa liteke.”

Teknika landua erabili du idazleak liburua idazterakoan, ipuin guztietan aurkituko ditugu argialdiak eta jolasak, ironia ere konstante bat izango da. Kasu gehienetan egunerokotasunetik abiatu eta pertsonaiek ezkutuan gordeta dauzkaten bizipenei argia emango die. Istorio asko entzun eta bizi izandako idazle bat dugu Miriam Luki. Maisutasun handiarekin irakurleari ipuinak interpretatzeko bideak zabalduko dizkio. Azkenik, Maite Gurrutxagaren liburuaren azaleko irudiak ezin hobeki jasotzen du ipuinen izpiritua.

Ez galdu solasaldira joateko aukera, oraingoan idazlea bertan egongo da gainera irakurri beharreko liburua erraz eskuratu dezakezue liburutegietan, eLiburutegi digitalean edo liburu dendetan.

Bide batez, hurrengo bi saioetako egitaraua gogorarazten dizuet:

    • Otsailak 6: Zoririk ez, Imre Kertész, Elkar argitaletxea (2003)
    • Martxoak 5: Ura saltoka: natura eta kultura jolasean, Juan Kruz Igerabide, Alberdania argitaletxea (2023)

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude