X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Austerlitz,W. G. Sebald

Post honen idazlea: Arantxa Arzamendi

Austerlitz,W. G. Sebald

Itzultzailea: Idoia Santamaría Urkaregi

Gibel solasa: Joseba Sarrionandia

Igela, 2022

374 or.

ISBN 978-84-121612-9-8

W. G. Sebald idazlearen Austerlitz eleberria izango da mintzagaia azaroaren 15ean, asteartea, arratsaldeko 19:00etan Liburutegi Nagusiko Ekitaldi Aretoan (San Jeronimo kalean) egingo den solasaldian. Oraingo honetarako Liburutegiko antolakuntzak Idoia Santamaría Urkaregi, Austerlitzen itzultzailearen parte hartzea baieztatu du. Iñigo Aranbarri solasaldiaren ohiko gidatzaileak liburuaren inguruko elkarrizketa egingo dio eta irakurleek ere bertan parte hartzeko aukera izango dute.

Winfried Georg Maximilian (Wertach, Alemania,1944– Norfolk, Erresuma Batua, 2001) W. G. Sebald bezala ezagutzen dena XX. mendeko alemaniar idazle bikainetakotzat kontsideratzen da. Holokaustoa eta gerraosteko Alemania dira bere lanen gai nagusia, oroimena, galera eta gainbehera ahaztu gabe. Bere lanen gertaerak, oroitzapenak eta fikzioa nahasten dituzte eta zenbait idazlanetan testuekin bat datozen argazkiak txertatu ohi ditu.

Berandu hasi zen idazten, 43 urterekin argitaratu zuen lehen eleberria (Nach der Natur. Ein Elementargedicht, 1988), ondoren beste hiru eleberri idatzi zituen eta 2001ean Austerlitz kaleratuko zuen. Adituen iritziz Nobel Sariaren mailako idazlea zen baina zoritxarrez 2001ean auto istripu batean hilko zen.

Idoia Santamaría Urkaregi (Donostia, 1962). Itzultzailea, zuzentzailea eta irakaslea da, Literatur Unibertsala Bildumako hainbat idazlan itzuli ditu eta 2020an euskarazko itzulpen saria jaso zuen Euskadi Literatura Sarietan Ingeborg Bachmannen Aldibereko lanaren itzulpenagatik. Austerlitz (2022) bere azken itzulpen lana da, Igela argitaletxeak kaleratua.

Jacques Austerlitz, eleberriko protagonistak ez daki nor den, ez du bere iragana ezagutzen. Eleberria Anbereseko geltokian hasiko da, bertan topatuko du narratzaileak eta pixkana-pixkana bere bizitzaren berri emango dio. Austerlitz, haur judutar errefuxatua, 1940ko hamarkadan Galesera iritsi zen eta adineko senar-emazte batek jaso zuen beraien etxean bizitzeko. Haurtzaro bakartia eta triste izango du eta nerabezaroan bere jatorria ezagutzean lekuz kanpo, arraro sentituko da.

Gauza bakarra zekien berak (irakasleak): Elias senar-emazteak etxean hartu nindutela gerra hasi eta denbora gutxira, artean ni ume nintzela, eta, beraz, ezin zidan beste xehetasunik eman. Baina Eliasen osasunak hobera egiten zuenean, dena moldatuko zen, noski, zalantzarik gabe. “As far as the others boys are concerned, you remain Dafydd Elias for the time being. There’s no need to let anyone know. It is just you do will have to put Jacques Austerlitz on your examinations papers or else your work may be considered invalid”. 88. or.

Eleberria esaldi luzetan eta puntuaziorik gabe idatzita dago, zenbaitetan irakurlearentzat zaila bihurtzeko arriskuarekin, baina Idoia Santamariaren euskarazko itzulpen dotoreak liburuaren alde jokatzen du. Bestalde, Joseba Sarrionandiaren gibel-solasak idazlearen eta eleberriaren gako nagusiak argitzen digu. Azkenik, liburuaren edizioari dagokionez, nabarmentzekoa da Alain Urrutia artistaren azala eta halaber eskertzekoa Igela argitaletxearen ahalegina jatorrizko bertsioko argazkiak liburuan txertatzean.

Liburuan gehiago sakondu nahi duenarentzat gomendagarria da Arantxa Iturbek Idoia Santamariari Euskadi Irratiko Arratsean saioan egindako elkarrizketa: https://www.eitb.eus/eu/irratia/euskadi-irratia/programak/arratsean/audioak/osoa/8960749/arratsean-20220919/

Austerlitz solasaldiaren hurrengo saioan, abenduaren 13an, Nerea Ibarzabalen Bar Gloria liburuaz hitz egingo da.

Literatur saio hau doakoa da, edonorentzat irekia eta irakurri beharreko liburuak eskuragarri daude bai liburutegietan edo liburu-dendetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude