X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Bar Gloria, Nerea Ibarzabal

Post honen idazlea: Arantxa Arzamendi

Bar Gloria, Nerea Ibarzabal

Susa, 2022

183 or.

ISBN 978-84-17051-93-8

Nerea Ibarzabalen Bar Gloria eleberria izango da mintzagaia abenduaren 13an, asteartea, arratsaldeko 19:00etan Liburutegi Nagusiko Ekitaldi Aretoan (San Jeronimo kalean) Iñigo Aranbarri gidatzailearekin egingo den solasaldian.

Nerea Ibarzabal Salegi (Markina-Xemein, 1994), bertsolaria, idazlea eta kazetaria da. Bertsozaletasuna familiatik datorkio, bere ama ere oso bertsozalea izan da eta oso gazte hasi zen sariak irabazten, 2021ean Bizkaiko Bertsolari Txapelketa irabazi zuen. Berriki, 2022ko irailean bere lehen nobela kaleratu du, Bar Gloria, Susa argitaletxearen eskutik.

Liburua nagusiki Bar Gloria tabernan kokatzen da, 80ko hamarkadako herri txiki bateko ohiko tabernan. Bertako jabeak Lopetegitarrak baserritik etorri berriak dira, ama Bizenta sukaldeko lanetaz arduratzen da eta bi alaba, Rakel eta Ana, tabernako zereginetaz, Migel gaztearen laguntzarekin, Soriatik etorritako familia bateko semea.

Eszenatoki nagusi honen inguruan istorio txikiz osatutako patchwork oihal bat sortu du egileak, besteak beste, tabernako giroa eta bertako lana, krisi ekonomikoa, gaixotasuna, gizonkeria, bortxa, ahizpen arteko harremana eta isiltasuna aipatzen dira. Oro har, eleberriak tradizioa eta modernitatearen arteko joerak isladatzen ditu, metafora eta sinboloz jositako deskribapen ugarirekin.

Zin egingo luke Migelek beretzat dela begiratasun hori, begira daukan horman esekitako idi buru disekatu bat ez balitz. Adarrak zorrotz eta muturra lehor, kristalezko kanika bi, eta zerrautsezko nerbio optikoak, eta pentsamenduak, eta sena. Dena zurruntasuna eta ile zaharra, oraindik poro hilei josia. Bizitzari darion distira oro moteldu zaio abereari tabernako koipe eta hauts artean” 5. Orrialdea.

Literatur saio hau doakoa da, edonorentzat irekia eta irakurri beharreko liburuak eskuragarri daude bai liburutegietan edo liburu-dendetan. Bar Gloria eleberriarekin 2022 urteko denboraldiari amaiera emango zaio eta dagoeneko prest dugu datorren urteko lehen lauhilabeteko egitaraua:

Urtarrilaren 10ean, Luisa Carnésen 13 ipuin, Danele Sarriugartek itzulia. Erein, 2022.

Otsailaren 7an, Jose Luis Otamendiren Landura poema liburua, Susa, 2022.

Martxoaren 7an, Arrate Egañaren Itzalen distira eleberria, Erein, 2022.

Apirilaren 18an, J.M. Coetzeen Lotsaizuna, Oskar Aranak itzulia. Elkar, 2004.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude