Itzulpena: Fernando Rey
Erein, 2024
141 or.
ISBN 978-84-9109-883-6
Mariana Travacio idazlearen Barkamena existituko balitz bezala eleberria izango da mintzagai azaroaren 4an, asteartea, arratsaldeko 19:00etan Iñigo Aranbarri gidatzailearekin Konstituzio Plazako Liburutegi Nagusiko bigarren solairuan egingo den solasaldian. Liburua eskuragarri dago liburutegietan, eLiburutegi digitalean eta baita ere liburu dendetan.
Mariana Travacio, idazle eta psikologoa, Argentinako Rosario hirian jaio zen 1967an eta haurtzaroa Brasilen pasa zuen bere familiarekin. Gaur egun Buenos Airesen bizi da eta bertan Psikologia Forense Katedrako irakaslea da. Literaturari dagokionez, Tres de Febrero Unibertsitate Nazionalean idazketa Sortzailearen Maisutza egin zuen, eta frantseseko eta portugeseko itzultzailea da. Ipuingintzan nabarmendu da bereziki, bere ipuinak Argentina, Uruguai, Brasil, Kuba, Espainia eta Estatu Batuetako hainbat antologia eta aldizkaritan argitaratu dira. Literatur sari ugari jaso ditu eta hizkuntza askotara itzulia izan da, baita euskarara ere, hain zuzen, Fernando Reyk Barkamena existituko balitz bezala (2024) itzuli du Erein argitaletxearen eskutik.
Idazlanak: Psikologia alorrean Manual de Psicología Forense (1997) idatzi zuen, literaturari dagokionez berriz, Cotidiano (2015), Cenizas de Carnaval (2018), Figuras infinitas (2021) Me verás caer (2023) kontakizun liburuak eta Como si existiera el perdón (2016) eta Quebrada (2022) eleberriak.
Fernando Rey Escalera (Iruñea, 1961) itzultzaile da Nafarroako administrazio publikoan eta horretaz gain hainbat literatur lan itzuli ditu euskarara. 2007ko itzulpengintzako Euskadi Literatur Saria jaso zuen Antonio Tabucchiren Pereirak dionez lanarekin.
Mariana Travaciori elkarrizketa batean entzun diogu idazten hasten denean ez duela argi izaten ipuina edo eleberria aterako zaion eta idazketak eramaten duela. Biekin identifikatzen omen da baina eleberriak sakonago bizitzeko aukera ematen omen dio. Horrela gertatu omen zitzaion Barkamena existituko balitz bezala liburuarekin, hasieran ipuin forma hartu zuen baina ez omen zen gustura gelditu eta denboraldi baten ondoren idazten jarraitzea erabaki zuen eleberria sortu arte. Gorrotoak, sarraskiak, indarkeria eta mendekuak dira eleberriaren hari nagusia. Eleberri laburra da, 141 orrialde besterik ez ditu baina mantso irakurtzea eskatzen du eta liburuaren hasierara itzultzea kontatzen diren zorigaitzen jatorria ongi argitu nahi bada.
Liburuaren lehenengo paragrafoa:
“Han, bizi ginen tokian, iparrak jotzen zuen. Haize beroa izaten zen beti: setiatu egiten ginen pixkanaka, eta, azkenean, txakur gose baten modura gelditzen zen gure artean. Inguratuak gintuenean, siesta ezin luzeagoak egiten genituen. Esnatzen ginenerako, iluntzen hasia egoten zen, eta lurrari idor usaina ateratzen zion dirdira izan zen zeruan.
Ipar-haizearen bolada haietako batean, Loprete agertu zen gurean. Kopetilun ailegatu zen, galduxea, Pepaz galdezka. Presarik gabe mintzo zen; deblauki, ordea. Peparen bila nabil, esan zuen guk Tanorenean ikusi eta berehala. Lehor esan zuen, ahoa hutsik izan eta hori esanda bete balitzaio bezala. Harri eta zur begiratu genion, txunditu samarturik halako itxura izateagatik arratsalde kiskalgarri hartan, ematen baitzuen arratsalde hartan inguratzen gintuen hauts-lainoak gorpuztu zuela gizon hura tupustean Pepaz galdetzeko.” 7. orld
Abenduko solasaldia, hilaren 2an, Oihane Amantegiren Cayo Hueso (Elkar, 2023) liburuaren inguruan izango da.
