X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Basoan barrena, Anthony Browne

Basoan Barrena, Anthony Browne

Basoan barrena

Testua eta irudiak: Anthony Browne

Pamiela; Kalandraka, 2014

24 orrialde

ISBN: 978-84-7681-798-8

Donostiako Liburutegiek udalerriko ikastetxeekin batera antolatzen duten Irakurle Gazteak programan, Anthony Browne haur-liburuen egile eta ilustratzaile ingelesaren Basoan Barrena album ilustratua gomendatzen digute LH2 Aitor Ikastolako ikasleek.

Istorio honetako protagonista ume bat da, bere izena ez da inoiz agertzen, baina ipuinean zehar argi eta garbi identifikatuko dugu Kaperuzita Gorriarekin. Aita ez dago etxean, eta horrek tristura handia eragiten dio haurrari, bere aitarekin elkartzearen falta sentitzen du. Amak, ipuin klasikoan bezala, gaixo dagoen amonari pastel batzuk eramateko eskatzen dio. Amak basoko bidezidorretik ez joateko esan arren haurrak bide motza edo luzea aukeratu behar du. Espero bezala, eta ipuin klasikoetako ohiko elementuei jarraituz, haurrak ez du obeditzen eta bide laburra aukeratzen du, basoa zeharkatzen duena.

Haurrak, basoan zehar doanean, beste ipuinetatik ateratako pertsonaia ezberdinak aurkitzen ditu: Juan behiduna, Marikixkur eta Hansel eta Gretel. Denek engainatu nahi dute saskian daramanarekin geratzeko, baina umea ez da engainu hauetan erortzen. Bere amonarengana iristear dagoenean Txano Gorritxoren txano gorria aurkitzen du, eta hotzak dagoenez, janztea erabakitzen du…

Bere lan gehienetan bezala, surrealismoarekin jokatzen du Brownek, bai istoriorako bai irudietarako. Familia-inguruneko pertsonaia errealak (aita, ama, amona) beste ipuin batzuetatik ateratako pertsonaia onirikoekin nahasten ditu. Marrazkietan, pertsonaia errealen eta imajinatuen arteko kontrastea nabarmena da. Benetako pertsonaiek, kolorez margotuak, familiaren segurtasuna eta maitasuna sinbolizatzen dituzte, aitzitik, irudikatutako pertsonaiek eta basoak beldurra sinbolizatzen dute, zuri-beltzean eta arkatzez marraztuta agertzen dira.

Bitxikeriak baditu ipuinak, adibidez, beste ipuin batzuetatik ateratako elementu asko basoan eskutatuta daudela: Errauskinen kalabaza, giltza eta kristalezko zapata, Katu botaduna; gorua, bele bat eta Loti Ederren arantzak; dorrea, zaldiz doan printzea eta Rapunzelen txirikorda; eta zuhaitz baten sustraian dagoen piztia simulatua. Azalaren irudian ikusten da haurraren itzalak Alizia Herrialde Miresgarriaren untxiaren forma duela, edo basoko zuhaitzek Edurnezuriren koroa, ispilua eta sagarra simulatzen dituzten

Liburu hau 7 urtetik gorako haurrentzat aproposa da, esaldi errazak irakurtzeko gai baitira. Istoriak norberaren eta besteen emozioak identifikatzeko aukera ematen die. Ausardia, beldurra gainditzea eta familiarekiko maitasuna bezalako balioak lantzen ditu. Gainera, beraiek ezagutzen dituzten ipuin klasikoen elementu desberdinak agertzeak irakurketa hurbilago egiten die. Basoko zuhaitzen artean beste ipuin batzuetako irudiak bilatzea denbora-pasa ona izan daiteke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude