Itzulpena: Javier Lacruz
Anagrama, 2024
427 or.
978-84-339-2736-1
Nola ospatzen da gerra baten amaiera? Garaipen Egunean, 1945eko maiatzaren 8an, Mary-k 11 urte ditu eta Bournville-n bizi da, Cadbury txokolate fabrikaren inguruan sortutako herri batean, eta Jonathan Coek idatzitako eleberri honen izenburua. Ohi baino isiltasun handiagoa dago kalean eta gauean, su artifizialak bota eta auzokideak kirol zelaietan elkartzen direnean, ez dute sei urteko estutasuna eta beldurra atzean uzten.
Garaipen Eguna da “zazpi aldi bikainetan” idatzitako eleberri honen abiapuntua, non Jonathan Coek –apirilaren 9an Literaktum Topaketen baitan Donostia bisitatuko duena- emakume baten bizitzaren berri ematen du Britainia Handiko historia hurbila markatu duten pasarte batzuetan zehar: Isabel II.a erreginaren koroatzea, Ingalaterrak Wembleyn irabazi zuen 1966ko Munduko Kopako finala edo Karlos printzearen eta Lady Di printzesaren ezkontza, besteak beste. Emakume hori, Mary izenekoa, emaztea da, hiru seme-alaben ama, gero amona, gero birramona… Ia mende bateko bizitza deskribatzen da, pandemia arte.
Atzealdean, Cadbury txokolate fabrika eta aldaketa sozialak: hala nola, immigrazioa edo homosexualitatearen onarpena kontserbadurismoaren eta aurrerapenaren artean urratuta dagoen gizarte batean; teknologiaren agerpena (lehen telebistaren erosketa gertakari garrantzitsua da familian eta auzo osoan); edo Erresuma Batuaren sarrera –eta geroko irteera– Europar Batasunean. «Dena aldatzen da, baina dena berdin jarraitzen du» da liburuaren hausnarketa. Eta kontua da, sakonean, bilgarriak aldatzen direla, baina barruan dagoena, benetan garrantzitsua dena, geratzen da.
Jonathan Coek familia baten bizitza beste edozeinena izan daitekeen bezala eraikitzen du, izan ere, azken finean, jende arrunta eta normala da herrialdeen historia markatzen duena, eta umorez, ironiaz, sentsibilitatez egiten du… Afalostean irakurtzen hasten zaren nobela horietako bat eta, konturatzen zarenerako, gauerdia da. Eta gehiago nahi baduzu, Coek berak Bournville aurretik idatzitako beste hiru eleberreekin erlazioa daukala dio: Expo 58, La lluvia antes de caer eta El señor Wilder y yo, denak Donostiako liburutegi sarean eskuragarri.

