X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Buenos días, tristeza

Françoise Sagan

Datorren asteartean, martxoaren 24an, Françoise Sagan-en Buenos días, tristeza komentatuko dugu. 19:00tan ikusiko dugu elkar San Jeronimo kaleko aretoan, ordura arte!

«A ese sentimiento desconocido cuyo tedio, cuya dulzura me obsesionan, dudo
en darle el nombre, el hermoso y grave nombre, de tristeza»

Cécilek, ‘Buenos días, tristeza’ liburuko protagonistak, lerro hauek idazten dituen uda hartan, 17 urte ditu eta guztiz zoriontsua da. Kosta Urdinean gertatzen den istorio honetan, gazteak bere aita alargun eta andrezalearekin eta bere maitalearekin batera igarotzen du uda. Eguzkia, axolagabekeria, aisialdia, desira… oporretako arintasuna hausten hasten da Anne agertzen denean; Raymond eta Cecile-ren aspaldiko laguna eta bere bizitzak ordenatu nahi dituena.

Gazte drama sinple bat dirudi, eta agian hala da, baina hedonismoan, berehalako plazerrean eta erantzukizunen arbuioan ainguratutako klase sozial baten kritika zorrotz gisa ere funtzionatzen du. Edozein printzipio etiko edo moralen gainetik, erosotasuna eta desira daude pertsonai hauen izaeran.

«El amor al placer, a la felicidad, representa el único aspecto
coherente de mi carácter»

Sentimendu anbiguoek eta kontrajarriek bultzatuta, gaztetazunak oraindik ulertzen ez dituen horiek bultzatuta, Cécilek plan bat antolatzen du Anne bere bizitzetatik aldentzeko eta, horrela, aitarekin duen konplizitatea eta ohiturak ez galtzeko. Osagai horiekin, Françoise Saganek erretratu psikologiko trinkoa moldatzen du; nerabezaroaren xalotasuna dago hor, baina baita helduaroraren berezkoak diren une eta hausnarketa asko ere. Izan ere, ‘Buenos días, tristeza’ liburuak duen gauzarik onena nerabezaroaren deriba hori da, helduen mundura sartzeko indarrarekin nahastuta azaltzen dena.

‘Buenos días, tristeza’ laburra da, baina sakontasun handiko nobela ere bada. Izan ere, 1954an, 18 urte besterik ez zituela, Françoise Saganek bere lehen eleberri hau argitaratu zuenean, literatura frantsesak lurrikara txiki handi bat bizi izan zuen. Eta geroztik, leku berezia du Europako literatura kanonean. Gezurra edo sentsualitatea bezalako gaiak lantzeko darabilen naturaltasunak harritu egin zituen, baita kezkatu ere, irakurleak eta kritika. Bere estilo zuzena, apaingarririk gabea eta esaldi laburrak dituena, garaiko literatura konprometituaren gehiegikeria erretorikoetatik urrun dago. Françoise Sagan idazkera intimo eta konfesional batekin sartu zen mundu editorialean, baina sentimentalismoan erori gabe. Izan ere, bere malenkonia lehorra nortasun ikur propioa ere bada.

‘Buenos días, tristeza’ lehenengo aldiz udan irakurri nuen, beroa egiten zuen eta ni gazteagoa nintzen, baina oraindik orain, bigarren irakurketa batean, neguan eta helduagoa naizela, bere arintasunarekin eta maltzurkeriarekin goztu dut. Beraz, zuekin komentatzeko gogoz nago, jakiteko ea niri bezala orri hauek ere larruazalean itsatsi zaizkizuen (nahiz eta Kosta Urdinean eguzki-kremaz zikinduta ez egon).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude