X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Canción dulce

Leila Slimani

Cabaret Voltaire, 2017
277 or.
ISBN 978-84-944434-8-0

Leila Slimani idazlearen Canción dulce nobela izango da mintzagai maiatzaren 28an, asteartea, arratsaldeko 19:00etan Liburutegi Nagusiko Ekitaldi Aretoan (San Jeronimo kalean).

Louise-ren abestia

«El bebé ha muerto». Spoiler bat dirudi, baina ez da hala. Egia esan, Canción dulce liburuaren lehen esaldia da, Leïla Slimani idazlearen bigarren eleberriarena. Jarraian datorrena aztoragarria da ere: «la niña, en cambio, seguía viva cuando llegaron los del servicio de emergencias. Se debatió como una fiera». Horrelakoa da thriller zirraragarri, ilun eta zorrotz honen hasiera. Honek, agian, beste hasiera handi bat ekarriko dizue gogora. Beste abiapuntu aztoragarri bat, Alber Camus-en El extranjero liburuarena. Gogoratzen duzue? «Gaur ama hil da». Erreparatu honi: Camus aljeriarra zen eta Slimani, marokoarra. Bi herrialdeak Afrikako ipar-mendebaldekoak dira, baita Frantziako kolonia ohiak ere. Datu hau gorde, hau ere izan baitaiteke bi lanen irakurketaren gakoetako bat.

Baina jarrai dezagun Canción dulce liburuaz hitz egiten. Tripara zuzenean doan gezia da eleberri hau. Irakurri ondoren, zauri ikusezin bat uzten duena eta hainbat egunetan sendatzen ez dena. Irakurketa arina da, egun batean irakurri daitekeena, baina digestio luzekoa da. Adikzioa sortzen du, baina oso larrigarria ere bada. Lehen lerrotik amaiera ezagutzen dugulako izan daiteke, baina egia da, Leïla Slimanik, istorio honen pertsonaien bidez, urduritasuna areagotzen duten galdera asko planteatzen dizkigula.

Noizbait autoreari entzun diot ez duela lasaitasuna sortzen duten libururik idatzi nahi. Argi eta garbi, bigarren eleberri honekin horixe bera lortu du. Urduritasuna eta larritasuna orrialde guztietan daude, baina aurrerago joan gabe, ikusi nola jarraitzen duen hasiera horrek: «a la otra también había que salvarla. Con profesionalismo, con objetividad». ‘Bestea’ (la otra) hiltzailea da. Hau ere ez da spoiler bat, zein den lehenengo lerroetan argitzen baita: haurtzaina da. Bere buruaz beste egiten saiatu zen, eztarrian labana sartuta, baina ez zuen lortu. Bizirik dago.

Hori guztia Canción dulce liburuaren lehen bi orrialdeetan gertatzen da. Imajinatu gainerako 275ak nolakoak diren. Ez, ez du hilketa berreraikitzen. Leïla Slimanik haurtzain eta familia horren bizitza kontatzen digu. Pertsonai horien bidez, gaur egungo gizartearen arazoak erakusten dizkigu, maitasuna eta hezkuntza zalantzan jartzen ditu, menpekotasunarekin eta diruarekin zerikusia duten gaiak planteatzen dizkigu eta klaseko eta kulturako aurreiritzi sorta mahai gainean jartzen ditu.

Eleberria horrela hasten den arren, istorioa haurtzain baten bilaketarekin hasten da. Myriam eta Paul horrelakoa nahi dute: «no sea demasiado mayor, que no lleve pañuelo y que no fume. Lo principal es que sea una mujer dinámica y que tenga tiempo para nosotros. Que trabaje para que podamos trabajar». Gainera, seme-alabarik ez izatea nahi dute, edo, bestela, helduak izatea edo urruti bizitzea. Halaber, ez dute nahi Magrebekoa izatea, ez baitute arabierra erabiltzea nahi. Hala, gure buruetan, askotan, naturaltasunez ibiltzen diren diskriminazio diskurtsoak eraikitzen ditu idazleak. Keinu eta eszena txikiekin, Slimanik, su motelean, pazientzia handiz, familiaren eta haurtzainaren arteko harreman hori kontatzen digu. Antsietatea, jakina, irakurlearen esku dago. Agian, hasieratik tragedia iritsiko dela badakigulako.

Bigarren eleberri honekin, 2016an, Leïla Slimanik Goncourt Saria irabazi zuen. Handia izan zen hori, berak elkarrizketaren batean edo bestean esan zuen bezala, aipagarria izan zen lehenengo aldiz saria ez zuelako gizon zahar eta txuri batek irabazi. Leïla Slimanik ‘cliché’ guztiak hautsi zituen eta, gainera, bere literatura eta ahotsa sendotu zituen.

Canción dulce liburuak ertz asko ditu, pertsonaiak jasanezinak baina samurrak dira eta eszena ahaztezin batzuk baditu (adibidez, oilasokoarena). Asteartean, betiko orduan, 19.00etan, betiko lekuan, dena komentatuko dugu. Ez huts egin!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude