X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Cara de pan

Sara Mesa

Anagrama, 2018
137 or.
ISBN 978-84-339-9861-3

Sara Mesaren Cara de pan nobela izango da mintzagai abenduaren 17an, asteartea, arratsaldeko 19:00etan Liburutegi Nagusiko Ekitaldi Aretoan (Mandasko Dukea aretoan).

Bi izaki bakarti parke batean elkartzen dira. Zuhaixka batzuen atzean ezkutatuta elkarrizketa bat hasten dute eta, egunak igaro ahala, mendekotasun afektibo bat sortzen da. Txoriez, Nina Simonez eta, nolabait, munduan (ez) duten lekuaz hitz egiten dute. Aterpea edo babeslekua partekatzen dute eta, pixkanaka, errealitate partekatu bat eraikitzen dute. Beste inor gabe. Biak bakarrik. Bientzat erosoa den errealitatea da, baina orrialdeak pasa ahala irakurtzen dugunontzat gero eta kezkagarriagoa da. Izan ere, Casi gazteak ia hamalau urte ditu eta Viejok berrogeita hamar baino gehiago.

«Claro que es por ti, no me paro a hablar con los operarios ni con la mujer que me vende los bollos a diario, ¡vengo por ti! Pero ¿por qué?, quiere saber Casi, y es ahora ella quien pregunta por qué».

Harreman horren zergatia izango da, ziurrenik, orriak pasatzera eramango gaituena; nerabe baten eta zahar baten arteko eguneroko topaketa horien atzean zer dagoen jakiteko irrikaz. Sara Mesak desosegu sentsazioa eragiten du su motelean, haurren jokaerak dituen neskato baten eta trajea jantzita daraman gizon baten arteko eguneroko hitzordu baten lekuko (eta konplize) bihurtzen gaituela.

«Nina Simone, murmura el Viejo, esa es Nina Simone, pero Casi jamás ha oído ese nombre. Es posible que lo que más le guste en el mundo, dice el Viejo, después de los pájaros, o en la misma medida que los pájaros, sea la voz de esa mujer, lo cual, si uno lo piensa bien, viene a ser prácticamente la misma cosa».

Casi eta Viejo txoriez eta Nina Simonez aritzen dira. Baita kezkatzen dituen horretan ere. Nerabezaroan sartzear dago Casi eta bere bizitza ez da erraza. Ez du institutuko giroa jasaten, ezta bere gorputza ere, horregatik ezkutatzen da egunero parkean. Viejok traje elegante bat darama, baina ez du lanik egiten. Bera ere egunero agertzen da zuhaixka horren atzean. Hala, Sara Mesak, Casi eta Viejoren arteko hurbilketa kontatuta egoera tenkatzen doa.

Liburua horrela hazten da, sekuentzia txikiekin, samurtasunez beteta eta narrazio pultso itzelarekin. Pintzel finez marraztuta daude bi pertsonaiak eta leuntasunez kontatuta dago istorioa. Sara Mesak neskato baten eta zahar baten arteko adiskidetasun misteriotsuari heltzen dio bere estilo propioarekin. Horregatik, istorioan zehar, bi pertsonaia mindu horiekin, penatik eta haserretik pasatzen gara.

Sara Mesa Madrilen jaio zen, baina berehala Sevillara joan zen bizitzera familiarekin eta han bizi da orain. Poesia idazten hasi zen, eta, hain zuzen ere, bere lehen poema-liburuarekin, Este jilguero agenda, Miguel Hernandez Kultura Fundazioaren Sari Nazionala irabazi zuen. Harrezkero, sariak pilatzen joan da, baina ez du poesiarik berriro argitaratu. 2013an, Cuatro por Cuatro liburuarekin Herralde Eleberri Sariko finalista izan zen eta 2015ean, Ojo Crítico de Narrativa Saria jaso zuen Cicatriz eleberriarekin. Kritikak eta irakuleek bere idazteko modua goraipatu dute behin eta berriz eta duela gutxi pantaila handian ikusi dugu bere eleberri ospetsuenetako bat: Un amor.

Sara Mesa gaur egungo autore onenetarikoa da. Bere ipuinak eta nobelak gustatu edo ez, ez zaituzte inoiz axolagabe uzten. Cara de pan liburuarekin asko izango dugu komentatzeko, beraz, ez galdu 2024ean egingo dugun azkeneko solasaldia. Irakurketa onez beteriko urtea ospatuko dugu ziur gustora komentatuko dugun istorio honekin. Abenduaren 17an elkartuko gara, ez huts egin!

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude