Elkar, 2023
104 or.
ISBN 978-84-1360-307-0
Oihane Amantegi idazlearen Cayo Hueso eleberria izango da mintzagai abenduaren 2an, asteartea, arratsaldeko 19:00etan Iñigo Aranbarri gidatzailearekin Liburutegi Nagusiko Ekitaldi Aretoan (San Jeronimo kalean) egingo den solasaldian. Liburua eskuragarri dago liburutegietan, eLiburutegi digitalean eta baita ere liburu dendetan.
Oihane Amantegi Uriarte (Zornotza. 1985) antropologoa, itzultzailea eta idazlea da. Bi liburu argitaratu ditu, Ibaiertzeko ipuina (2020) eta Cayo Hueso (2023) eta biak AEBetan daude kokatuak. Duela zenbait urte, 2021eko urrian, Iñigo Aranbarrik gidatzen duen solasaldi honetan Ibaiertzeko ipuina irakurri zen eta orain bigarrenari ekingo zaio. Cayo Hueso (Key West) Florida estatuko uharte bat da eta han topo egingo dute liburuko protagonistak, istorioa kontatzen duen kapitain zaharra, Virgil musika kritikaria, Maudey jazz kantaria eta Maria tabernaria. Joseba Sarrionaindiak eleberriaren hitzaurrean kontatzen du Tennessee Williams idazleak bertan idatzi zuela A Streetcar Named Desire (1947) antzezlana, Xabier Payak euskarara itzulia Desio izeneko tranbia (2005) izenburuarekin. Beste zenbait idazle ere han bizi izan ziren eta ezagunen artean Ernest Hemingway dugu, zeinen omenez urtero literatur jaialdi bat antolatzen den Cayo Hueso uhartean.
Liburuan hainbat gai jorratzen dira: gizon eta emakumeen arteko harremanak, pertsonen arteko amodioak eta enkontruak, tabakoaren kontsumoa, jazz musika, taberna giroa, itsas portuko bizimodua, arrantza, tropikoko eguraldia, bertako natura, baleak… Pentsa daiteke Amantegiren antropologo formazioak ikutu berezi bat ematen diola eleberriari.
Hona hemen liburuaren lehenengo paragrafoa:
“Otarrain sasoia abuztu hasieran hasten da Floridako Cayo Hueson, garaiak garai direnetik. Horrela gertatu zen geure urte hartan ere, eta hilaren 6an ekin genion denboraldiari; uda hasi eta martxo bukaera arte, kasik egun guztietan aterako ginen itsasontziak eta itsasontzietako kapitainok beharretara. Nasak hartu eta otarrainak banan-banan harrapatzera. Portura itzuli, arrantzatua neurtu eta saldu, otarreak konpondu eta ontzia zaintzera. Itsaso zabala besarkatzera batzuetan, eta ekaitz tropikaletatik babestera besteetan. Jakin egin beharko delako -itsasora- noiz atera; baina, batez ere, jakin egin behar delako -itsasotik- noiz gorde.” 19. orld.
Isaac Xubín galiziar idazle eta itzultzaileak Amantegiren bi liburuak galegora itzuli ditu: Conto ao carón do río (2022) eta Cayo Hueso (2025).

