X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Cinco horas con Mario, Miguel Delibes

Cinco horas con Mario, Miguel Delibes

Destino 2010

978-84-233-4240-2

 

 

 

 

Datorren asteartean, martxoak 28, Liburutegi Nagusiko gaztelaniazko solasaldian Cinco horas con Mario eleberriari buruz hitz egingo dugu. Bikote baten intimitatea agerian uzten duen, eta XX. mendearen erdialdeko Espainiako gizartea kritikatzen duen barne-bakarrizketa hau arrakasta handiz eraman dute antzerkira.

Miguel Delibes Valladoliden jaio zen 1920an, zortzi seme-alabako hirugarrena zen eta bere aitak (jatorri frantziarrekoa) Merkataritza Eskolan Zuzenbideko katedradun gisa lan egiten zuen. Egileak esan duenez, “haurtzaro normala izan nuen, posible denaren barruan”. Bere ikasketak Gerra Zibilak kaltetu zituen: 1938an boluntario gisa izena eman zuen eta, gerra amaituta, bere hirira itzuli eta Merkataritza eta Zuzenbidean matrikulatu zen. Bietan lizentziatu ondoren, Merkataritza Zuzenbideko katedra lortu zuen, eta irakaskuntza eta karikaturagile lana uztartu zituen El Norte de Castilla egunkarian, non zinema kritikak eta kronika batzuk ere idazten zituen. 1946an Angeles de Castrorekin ezkondu zen, zazpi seme-alaba izan zituen.

Egileak inoiz esan izan du “zailtasun eta pobrezia handiko urte hauetan nire zerumuga argitu egin zen benetan bokaziozkoa zen ibilbide batekin”: ibiblide hori literatura zen. 1948an Nadal Saria jaso zuen bere lehen eleberriarekin, La sombra del ciprés es alargada. Une horretatik aurrera maiztasun nabarmenarekin argitaratu zuen, zentsurarekin zailtasunak izan bazituen ere. El Norte de Castilla egunkariko zuzendariorde (1952an) eta zuzendari (1958an) izatera iritsi zen, baina horrek ere liskarrak ekarri zizkion, eta dimisioa aurkeztu zuen. 60ko hamarkadan idazle gisa bere gorena hasi zen, herrialde askotara bidaiatu zuen, sariak eta aintzatespenak jaso, eta 1973an Hizkuntzaren Akademia Errealan sartu zen.

Bere emaztearen heriotzak, 1974an, eragin sakona izan zuen Delibesengan. 1998an argitaratu zuen El hereje, azken lan nagusia (eta Valladolidi omenaldia). 90eko hamarkadaren amaieran, bere hitzetan, “idazteko trasteak zintzilikatu” zituen. 2010eko martxoaren 12an hil zen, koloneko minbiziaren ondorioz. Obra zabala uzten zuen, 36ko Belaunaldiaren eta 1950ekoaren artean. Liburuetan bere ideiak eta balioak islatu zituen, esaterako, “kontsumoaren alde gizakiaren gauza guztiak sakrifikatzen dituen” aurrerapenaren ondorio kaltegarriak. Bere eleberri asko nekazal giroan oinarritzen dira; beste batzuetan, Cinco horas con Mario lanan bezala, probintziako hirietako burgesia erretratatzen du, beti begirada kritiko batekin.

Cinco horas con Mario 1966an argitaratu zen, eta 1979an estreinatu zen antzerkirako bertsio ospetsua Lola Herrerarekin Carmen Sotilloren rolean, eta oraintsu arte antzezten jarraitu dute. Ezagutzen al zenuen egokitzapen hori? Desberdintasunik ikusten duzu nobelarekin? Zure ustez, zergatik eraman da hain era arrakastatsuan testu hau agertokietara?

Abiapuntua Marioren heriotza da: Carmen “Menchu” Sotilloren senarra, katedraduna. Gorpua zaintzen duen bitartean, Mariorengana zuzentzen da bizirik balego bezala, Biblian azpimarratu zituen pasarteak irakurtzen ditu, bizitza komuna errepasatzen du, eta gaitzespen ugari adierazi. Carmenen diskurtsoko zein alderdik eman dizute atentzioa?

Eleberria (hitzaurrea eta epilogoa izan ezik) barne-bakarrizketa zabala da, solilokioa. Hori biribilean aurrera doan narrazioan islatzen da, hamaika errepikapenekin. Menchuren hizkerak bere adierazteko modua islatzen du, egindako esaldiak, laismoa/leismoa bezalako akatsak, etab. Zer nabarmenduko zenuke estiloari dagokionez?

Protagonistak bere ezkontzaren intimitatea azaltzen digu: komunikazio-arazoak, desberdintasunak eta desadostasunak. Baina bere historia belaunaldi baten isla ere bada: haien gaztaroa Gerra Zibilak markatu zuen, eta diktadura batean heldu dira. Antzeman al duzu kritika sozialerako asmorik eleberrian?

Marioren aurrean Carmen, “Menchu”, pertsonaiaz pentsatzean, erraza da nolabaiteko manikeismoan erortzea: bataren idealismoaren aurrean, bestea kontserbadorea da, bihozgabea, materialista, ikuspegi labur samarrekoa. Irakurketan zehar, aldatu egin al da zure ikuspegia? Enpatizatu duzu? Zergatik (ez)?

Martxoaren 28an, 19:00etan, San Jeronimo kaleko Liburutegi Nagusiko jarduera aretoan, Cinco horas con Mario liburuaren alderdi hauei eta beste askori buruz hitz egingo dugu. Beste batzuetan bezala, online solasaldia jarraitzeko aukera eskainiko dugu; horretarako, beharrezkoa da esteka eskatzea alderdiederliburutegia@donostia.eus helbide elektronikoan. Helbide honetara ere joan zaitezke, edo liburutegiko mostradorera, informazio gehiago lortzeko, programa osoa ezagutzeko edo hurrengo saiorako dosierra jasotzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude