Dena zulo bera zen
Susa, 2025
188 or.
ISBN 978-84-19570-48-2
Eider Rodriguezen Dena zulo bera zen narrazio liburua izango da mintzagai
maiatzaren 5ean, asteartea, arratsaldeko 19:00etan Iñigo Aranbarri gidatzailearekin
Liburutegi Nagusiko Ekitaldi Aretoan (San Jeronimo kalean) egingo den solasaldian.
Liburua eskuragarri dago liburutegietan, eLiburutegia plataforma digitalean eta liburudendetan.
Eider Rodriguez (Errenteria, 1977) merezimendu handiko idazlea, orain arte bereziki
ipuingintzan aritu da. Guztira bost narrazio liburu argitaratu ditu: Eta handik gutxira
(2004), Haragia (2007), Katu jendea (2010), Bihotz handiegia (2017, Euskadi
Literatura Saria) eta Dena zulo bera zen (2025). Solasaldian Rodriguezen hainbat
liburu irakurri izan ditugu, besteak beste Bihotz handiegia eta Eraikuntzarako
materiala (2021) eleberria gogoratzen ditut.
Azkenengo argitalpenarekin narraziora jo du berriro sei ipuinez osatutako liburu
honekin:
– Kanikula
– Itsasoak eta hondakinak
– Ahate bihotz
– Urpekariak
– Kraterra
Zabalkunde handia izaten ari den liburuak Espainiako Kritika Saria jaso du eta berriki
gaztelaniara itzulia izan da Ander Izagirreren eskutik Era todo el mismo hueco
izenburuarekin.
Egunerokotasunetik abiatutako gaiak jorratzen ditu: besteak beste, bizitzaren
krisialdiak, harremanak, ustekabekoak, maitasuna, lagunak, gaixotasunak, heriotza,
familiarteko giroa, etxebizitza.
“Urpekariak” ipuinean, Elena protagonista Thailandian dabil oporretan baina istripu bat
gertatuko zaio eta senideak ur azpian dabiltzan bitartean egun osoan bakarrik egongo
da:
“Logelatik alde egin aurretik Gaizkak eta Zuhaitzek muxuak eman zizkiotela akordatu
zen iheskorki, itzulera orduren bat ere aipatu ziotela, baina ez zuen gehiago oroitzen.
Ohe ertzean eseri zen, igeltsatutako hanka airean. Bikiniarekin lo hartu zuela ohartu
zen. Oraindik ez ziren hamarrak eta egun osoa zuen aurretik. Sabelean haragi zimiko
bat hartu eta heparina injektatu zuen. Gero, makuluak bilatu zituen bistarekin. Ate
ondoan zeuden. Vietnamgo beterano batenak ziruditen. Oin baten gainean saltoka
zeharkatu beharko zuen gela. Ez zen ez txantxangorri bat: jauzi bakoitzarekin
haragiak mugitzen zitzaizkion, eta dardarka jartzen zituen logelako objektuak.
Erizainak hamabost bat zentimetro luzatu behar izan zizkion makuluak bere neurrira
ekartzeko eta eskutokietan esparatrapua jarri irrist egin ez ziezaioten. Besapeetan
egokitu behar izan zituen traste haiek, ez zekien ongi nola. Bungalowtik ateratzeko
maila bat zegoen. Makuluak lurrean iltzatu zituen, besoak eutsi beharko zioten
gorputzaren pisuari. Goizean goizetik izerditan, amorratu egin zen sasoiko ez
egoteagatik.”
Liburuan nabarmentzekoak dira, Arrate Rodriguez ilustratzaileak, Eiderren ahizpak,
egin dituen liburuaren azala eta kapitulu bakoitzeko irudiak.
Dena zulo bera zen liburuaren hurrengo saioa, ekainaren 2an izango da Josu
Goikoetxearen Lakioa liburuaren inguruan.

