X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Dentista deabruaren istorio sinesgaitza

David Walliams

Tony Ross, Ilustratzailea

Andoni Sagarna, itzultzailea

Elkar, 2023
439 or.
ISBN 9788413601687
12 urtetik aurrera

Ez dakit, fantasiazko umoredun eleberri honek, haginlariarenera joateko beldurra uxatuko digun, baina, ziur tarte atsegina pasaraziko digula irakurtzen dugun bitartean. Herrira iritsi berri da Haginaga andereñoa izeneko dentista, eta horrekin batera, gertakari bitxiak eta desatseginak gertatzen hasi zaizkie herriko haurrei.

Haginaga andereñoak eskolan bisita egin du eta Alfiek, istorio honetako protagonistak, susmo txarra hartu dio andereari. Bitartean, hortzak erortzen zaizkien, herriko haurrek, gauean burko azpian opari on bat topatu beharrean, nazkagarria den zerbait jasotzen dute. Alfie mutiko behartsu eta saiatua da eta Gabz izeneko neskatoa du lagun. Biek elkarrekin, Haginaga andereñoak ezkutatzen duena deskubritzen saiatuko dira bai eta, gauean, haurrak lotan daudenean, etxeetan sartzen den eta “opariak” uzten dien horri ere. Misterioa argitzeko helduen laguntza ere jasoko dute, besteak beste, Alfiren aitarena, Winnie gizarte laguntzailearena era Rai egunkari saltzailearena. Aita ofizioz mehatzaria izan zen eta arnasteko arazoak izateaz gain, aulki gurpildun bati dago lotuta.

Tony Ross ilustratzaile ezagunaren irudiak istorioak duen umore kutsua indartzen du. Liburu dibertigarria da, dela egileak pertsonaiei jarri dizkien izenengatik, dela beraien karakterizazioarengatik, dela gertakariengatik.

Hamar urtetik gorakoek ere erraz irakurri dezaketeena, luzerak atzera eginarazten ez badie. Roald Dahl gustuko dutenek ere gustura irakurriko dute.

David Walliams idazle britaniarra oso ezaguna da munduan. Lehenengoz euskaratu dute gurean, Andoni Sagarnak egin du itzulpena eta azkena ez izatea espero dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude