X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Detaile xume bat

Adania Shibli

Itzulpena: Aitor Blanco Leoz
Igela, 2024
153 or.
ISBN 978-84-126849-5-7

Adania Shibli idazlearen Detaile xume bat eleberria izango da mintzagai azaroaren 5ean, asteartea, arratsaldeko 19:00etan Iñigo Aranbarri gidatzailearekin izango den solasaldian. Saioa ez da izango Liburutegi Nagusiko ohiko Ekitaldi Aretoan (San Jeronimo kalean), baizik eta Konstituzio plazako sarrerako 2. solairuan, Mandas Dukearen aretoan. Liburua erraz lortu daiteke liburutegietan eta baita erosi ere liburu dendetan.

Adania Shibli (Galilea, Palestina, 1974) emakumezko idazle palestinar bat da. Narrazio, antzerki, poesia eta saiakera egilea, arabieraz idazten du eta bere idatzi gehienetako gai nagusia bere jaioterria da. Hainbat liburu idatzi ditu eta oraingoz euskaraz argitaratu den bakarra Detaile xume bat da, bere hirugarren eleberria eta jatorriz 2016an argitaratua, hainbat hizkuntzatara itzulia izan da. Benetako istorio batean oinarritua dago, 1949an, Nakbaren garaian, soldadu israeldarrek neskato bat bahitu, bortxatu, erail eta are-pean sartu zuten.

Aitor Blanco Leoz (Iruñea, 1992) izan da itzultzailea eta liburuaren hasierako hitzaurrean Ane Irazabal (Arrasate, 1984) kazetariak Palestinaren inguruko gogoetak egiten ditu.

Lagin moduan jarraian liburuaren hasiera:

«Ez zen deus ere mugitzen, argiaren erreberberazioa izan ezik. Bata bestearen atzean, muino elkorrez osatutako eremu amaigabeak galtzen ziren zeruertzean, eta isilik dar-dar egiten zuten arratsaldeko eguzki-argi bortitzak gailur horixken siluetak lausotzen zituen bitartean. Bereiz zitezkeen xehetasun bakarrak gailur bihurrien ertz sigi-sagatsu zehaztugabeak ziren, baita gaitun arantzatsu idorren eta lurrean barreiatutako harrien itzal luzeak ere. Horretaz gain, ezer ere ez; Negev basamortuaren hedadura zabala bakarrik, abuztuko bero kiskalgarriaren pean.»
(13 or.)

Orrialde kopuruaren aldetik eleberri laburra izanagatik, nire kasuan behintzat irakurketa patxadatsua eskatu dit. Bi zatitan banatzen da, lehenengoa Negev basamortuan kokatua, eguneroko baten moduan idatzia dago 1949ko abuztuaren 9tik 13ra, eta zehatz-mehatz kontatzen da kanpamentuko soldaduen bizimodua “detaile xume” guztiak jasotzen dira. Irtenaldi batean emakume arabiar bat aurkitu eta kanpamentura ekarriko dute.
Bigarren zatiko protagonista berriz, emakume bat da eta bera jaio baina hogeita bost urte lehenago Negev basamortuan gertatu zen istorioa ikertzen hasiko da. Bidaia bat hasiko du artxibo eta museo militarrak bisitatzeko asmoarekin eta bidean hainbat muga militar eta geografiko ere gainditu beharko ditu.

Detaile xume bat solasaldiaren hurrengo saioan, abenduaren 3an, Iñigo Astizen Monogamoak liburuaz hitz egingo da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude