X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Durduzaz eta dardaraz

Amélie Nothomb

Itzulpena: Joxan Elosegi
Igela, 2003
171 or.
ISBN 84-87484-56-5

Amélie Nothomb idazlearen Durduzaz eta dardaraz eleberria izango da mintzagai martxoaren 4an, asteartea, arratsaldeko 19:00etan Iñigo Aranbarri gidatzailearekin izango den solasaldian.

Amélie Nothomb frantsesezko idazle belgikarra da. Belgikar familia noble batean jaio zen. Bitxikeria moduan Nothomben informazio iturrietan bi jaiotze data eta jaioleku ezberdin aipatzen dira. Zenbait iturrik diote Japoniako Koben jaio zela 1967ko abuztuaren 13an eta beste batzuk berriz Etterbeek-en, Bruselan jaioa dela 1966ko uztailaren 9an. Aita baroia eta diplomatikoa izan zuen, eta haurtzaroa eta nerabezaroa Ekialde Urrunean igaro zituen, batez ere Txinan eta Japonian, non aita enbaxadore izan zuen. Hori dela eta, Japoniak garrantzia izango du Nothomben idazlanetan.

Filologia ikasketak Bruselan egin ondoren, Tokiora itzuli ziren (aita enbaxadore izendatua izan zen) eta interprete izan zen bertako enpresa batean, hain zuzen ere Durduzaz eta dardaraz (Stupeur et tremblement, 1999) eleberri honetan kontatuko du han bizitako esperientzia latza.

Autore emankorra, 26 urterekin argitaratu zuen lehenengo eleberria Hygiene de l’assassin eta harrezkeroztik urtero kaleratzen du idazlan bat Parisko Éditions Albin Michel argitaletxearekin. Bere lan jardueran hainbat sari eta errekonozimendu jaso ditu eta besteak beste, 2015ean Belgikako Frantses Hizkuntza eta Literaturaren Errege Akademiako kide izendatu zuten. Berrogei hizkuntzatik gora itzulia izan da eta euskaraz hiru eleberri ditugu. Durduzaz eta dardaraz eta Katilinariak, biak Joxan Elosegik itzuliak eta Hodien metafisika Garazi Arrularen itzulpena.

Joxan Elosegi (Irun, 1955) itzultzaile eta kulturgile ezaguna, hainbat proiektutan inplikatua egon da. Itzulpengintzari dagokionez, gehien bat frantsesetik itzuli izan badu ere 2021an Itzulpenaren Euskadi Saria irabazi zuen Irene Soláren Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak (Canto jo i la muntanya balla) katalanetik itzulitako eleberriarekin.

Jarraian lagin moduan Durduzaz eta dardaraz eleberriaren hasierako paragrafoa:

«Haneda jauna zen Omochi jaunaren nagusia, Omochi jauna zen Saito jaunaren nagusia, Saito jauna zen Mori andereñoaren nagusia, Mori andereñoa zen ene nagusia. Ni, ni ez nintzen inoren nagusia. Bestela ere esan zitezkeen gauzak. Mori andereñoaren aginduetara ari nintzen ni, Saito jaunaren aginduetara ari zen Mori andereñoa, eta horrela hurrenez hurren, ordenak hierarkiaren mailak uraz beheiti gainditzerakoan erakutsi ohi duen zehaztasunaz. Halatan, Yumimonto konpainian, mundu guztiaren aginduetara ari nintzen ni lanean». 7. or.

Amélie-san liburuaren protagonistak durduzaz eta dardaraz biziko da Yumimoto konpanian egingo duen lan-urtean. Amélie idazleak garaiko enpresetako lan giroa eta Japoniako kulturaren zertzeladak ondo baina hobeto kontatzen dizkigu umore bereziz idatzitako eleberri honetan.

Durduzaz eta dardaraz solasaldiaren hurrengo saioan, apirilaren 8an, Anjel Lertxundiren Hamaseigarrenea aidanez liburuaz hitz egingo da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude