
Itzulpena: Itziar de Blas Fernandez de Gamarra
Txalaparta, 2012
91 or.
ISBN 978-84-15313-10-6
Annie Ernaux idazlearen Emakume bat eleberria izango da mintzagai urtarrilaren 14an, asteartea, arratsaldeko 19:00etan Liburutegi Nagusiko Ekitaldi Aretoan (San Jeronimo kalean) Iñigo Aranbarri gidatzailearekin egingo den solasaldian.
Annie Ernaux (Lillebonne, Normandia, Frantzia 1940), irakaslea eta idazlea da eta 2022an Literaturako Nobel Saria jaso zuen. Idazketa estilo autobiografikoa du, eduki soziologiko handikoa, eta idazleak berak bizitako gertaeretan oinarritzen da. Arrakasta handiko idazlea, berrogeita hamar bat hizkuntzatara itzulia izan da.
1974an ekin zion idazteari Les armoires vides, eleberri autobiografikoarekin. Ondoren etorri ziren, besteak beste: La femme gelée, bere ezkontzaren ingurukoa (1981, euskaraz Emakume izoztua Gemma Lopez Las Herasek itzulia 2023an); La Place, aitaren bizitzan oinarritua Renaudot saria, (1983, euskaraz Lekua, Joseba Urteagak itzulia, 2003an); ama ardatz duen Une femme (1987, euskaraz Emakume bat, Itziar de Blas Fernandez de Gamarrak itzulia, 2012an); Passion simple (1992, euskaraz Pasio hutsa, Joseba Urteagak itzulia, 2002an); L’évenement , gazte zela izandako abortuaren inguruan, (2000, euskaraz Gertakizuna, Joseba Urteagak itzulia, 2003an); Régarde les lumiéres mon amour (2014, euskaraz Begira zenbat argi, maitea, Xabier Aranburu “Artzai”k itzulia, 2015an) Mémoire de fille (2016, euskaraz Neska baten memoria, Aiora Jakak itzulia, 2024)an.
Azkenik, euskaraz berriki argitaratua izan da Frédéric-Yves Jeannet idazleak egindako elkarrizketa liburua L’ecriture comme un couteau (2003), Aiora Jakak itzulia Idazketa labana bat da izenburuarekin.
Itziar de Blas Fernandez de Gamarra (Gasteiz, 1965) izan da liburuaren itzultzailea, administrazioan lan egin izan du eta Annie Ernauxen Emakume bat (2012) eleberriaz gain beste bi liburu itzuli ditu: Marizipriztinek ez du zorioneko galeperrik nahi (Nunila López, Txalaparta 2009) eta Bestiario sekretua. Neskatila gaiztoa (Gabriela Larralde, Denon artean, 2019). 2023an Annie Ernauxek Nobel Saria jaso ondoren, Txalaparta argitaletxeak Emakume bat eleberriaren bigarren edizioa kaleratu zuen.
Jarraian lagin moduan Emakume bat eleberriaren hasierako paragrafoa:
“Ama apirilaren 7an hil zitzaidan, astelehenean, Pontoise ospitaleko zahar-etxean, hantxe sartu bainuen bi urte lehenago. Erizainak esan zidan telefonoz: “Zure ama gaur goizean zendu da, gosaldu ondoren”. Hamarrak inguru izango ziren”. 9. or.
Idazleak narratzailearen paperean amaren bizitza errealismo handiz kontatzen du heriotzatik hasita modu zirkularrean, garaiko gizartearen testuinguru historiko soziala ahaztu gabe. Liburuaren orriak irakurri ahala perspektibak aldatzen doaz familiako argazki albumen antzera.
Ez galdu solasaldira joateko aukera, eta gogoratu Liburutegiak hilabetero antolatzen dituela irakurketa saioak. Hurrengoa otsailaren 4an izango da Uxue Alberdirekin argitaratu berri duen Hetero (Susa, 2024) liburuaren inguruan. Martxoko saioa ere, hilaren 4an egingo da, Nathalie Nothomb idazlearen Durduzaz eta dardaraz liburuaz (itzulpena Joxean Elosegi, Igela, 2003)