Erein, 2026
102 orr.
ISBN 978-84-1093-093-3
Datorren urriaren 6an, asteartea, arratsaldeko 19:00etan Juan Garzia Garmendiarekin Erbeste bere liburuaren inguruko topaketa egingo da Iñigo Aranbarrik gidatzen duen euskarazko literatura solasaldian. Jarduera Liburutegi Nagusiko Ekitaldi Aretoan (San Jeronimo kalean) izango da eta liburua irakurri nahi duenak eskuragarri dauka liburutegietan, eta baita liburu-dendetan ere.
Juan Garzia Garmendia (Legazpi, 1955), ospe handiko idazle eta itzultzaile da, irakasle erretiratua izateaz gain. Bere lan ibilbidean itzulpenak nabarmentzen dira, besteak beste, Melville, Borges, Chesterton, Shakespeare, Primo Levi, Schwob eta Juan Rulforen obrak euskeratu ditu. Halaber bi aldiz eskuratu du Itzulpengintzako Euskadi Saria: 1999an, Jorge Luis Borgesen Ipuin hautatuak liburuagatik, eta 2015ean, William Shakespeareren Sonetoak disko-liburuagatik.
Literatur sorkuntzari dagokionez gehienbat narrazioak idatzi izan ditu eta baita nobelak eta saiakerak ere: Narrazioak: Akaso (1987), Gabonak Gubbio-n (1992), Itzalen itzal (1993), Pernixio (1996).
Nobelak berriz, oraingoz bi izan dira: Fadoa Coimbran (1995) eta solasgai izango dugun Erbeste (2026). Saiakerak: Txirritaren baratzea. Norteko trenbidetik (1997) eta Joskera lantegia (1997).
Hona hemen Erbeste liburuaren hasiera:
“Jendea kexu agertu izan da beti Tolosaldeko herrixketara -Aldabatik Zizurkilerainoko katastro xehe zabalean, eta, bereziki, hango malkar eta mazeletako auzo-etxe sakabanatuetara- bidea xuxen eta erraz asmatu ezina dela eta, helbidea eta are mapa begien aurrean edukita ere. Urrunago jo gabe, Urkizu edo Leaburu berak ere, demagun, aski enigmatiko zaizkie hainbati. Zer esanik ez Izarre edo halako bailara galduak.
Jakina, gehixeagok dute Albizturren edo Amasaren usaina, esate baterako, baina hori beste kontu bat da, babarrun entzutetsuei zor zaiena noski. Bidal itzazu, hara, herrixka horien bazter-auzo bateko baserriaren bila, ea.
Nire sortetxea hori baino hurbilago dago Tolosako hirigunetik, baina era berean da gure auzoa, ezezagun ez bada, ezohijoa behintzat oso bertako ez denarentzat. Edo hala zen, behinik behin, gure gazte-denboraz dudan oroitzapenean. Babarruna turismo-labela izatera iritsi aurreko garaian, alegia, artean Oriako paper-fabrika eta abarren azalore-ustel kiratsa zebilenean guztiz nagusi giroan.” 9 orr.
Singapurren hogei urte pasa ondoren Tolosaldeko sortetxera itzultzen da liburuaren emakumezko protagonista, ogibidez argazkilaria dena. Etxaldea, senitartekoak, herriko bizilagunak … erabat aldatu dira erbesteko denboraldiaren ondoren, halaber eskualdeko gizartea, ekonomia, industria eta erakundeak. Protagonista gainera, lehenengo familian eta ondoren herrian gertatuko ezbeharrak ezagutu nahian etorri da eta ikerketa lanetan murgilduko zaigu. Liburuan hainbat gaien inguruko zertzeladak ematen dira eta irakurleari dagokio puzzlearen piezak osatzea eta interpretatzea. Guzti hori maisutasun handiz idatzitako testuekin, bai hizkuntza aldetik eta baita ere joskerari dagokionez. Gai hauek eta beste hainbat azaleratuko dira aipatutako urriaren 6ko solasaldian.
Hurrengo solasaldian, azaroaren 3an, Maja Haderlap idazlearen Ahanzturaren aingerua eleberria aztertuko da.
