X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Escucha, hermosa Marcia, Marcello Quintanilha

Escucha, hermosa Marcia, Marcello Quintanilha

Astiberri, 2022

125 orr.

ISBN 9788418909573

Badirudi Rio de Janeiro boladan dagoela komikien munduan, eta martxa honetan genero bat bere baitan osatzen bukatuko du (dagoeneko ez bada). Aurreko batean Rio izeneko komiki bikaina gomendatu genuen, eta oraingoan hiri brasildarrera bueltatu gara beste harri bitxi bat aurkeztera: Escucha, hermosa Marcia, hain zuzen, Marcello Quintanilhak ondua.

Bartzelonan bizi den artista brasildarrak (Niterói, 1971) ibilbide oparoa darama komikien munduan, eta hainbat sari garrantzitsu irabazi ditu, hala nola Angoulèmekoa bi aldiz, Tungsteno (2016) eta hizpide dugun honengatik (2022), besteak beste.

Modinha baten izenburua izateaz gain, Marcia Rioko favela batean bizi den emakumea dugu. Langilea burutik oinera, bere egunerokoan bi lan uztartzen ditu, zein baina zein gogorragoa: batetik, ospitale bateko erizaina da, eta bestetik, Alzheimerrak jotako emakume adineko bat zaintzen du. Horretaz gain, bere bikotekide Aluisio eta alaba Jacquelinekin bizi da. Edo biziraun, hobeto esanda, izan ere, alabarekin harremana ez da batere ona. Gazteak lagun ez oso gomendagarriak ditu, eta negozio ilunetan dabil, eta gurasoek gorriak eta bi pasako dituzte onbidera zuzentzeko. Hori gutxi ez eta halako batean Jacqueline lapurreta batean nahasiko da, eta gartzelan bukatuko du. Hortxe hasiko da Marcia eta Aluisioren kalbarioa.

Benetan hunkigarria eta lazgarria dugu komikia, bihotza ukabil batean sartuta uzten dizuna. Marcello Quintanilhak maisuki bideratzen du istorioa, ohikoak dituen gidoi jira-bueltak azalduz, eta batzuetan irakurlea nolabait manipulatuz, izan ere pertsonaia batzuk ez dira hasieran ematen dutena (edo bai?), eta mendi errusiar batean garamatza amaierako klimaxera, bidean eskua irekita astintzen gaituela. Halaber, drama izateaz gain, amodio istorio ederra ere bada.

Hori guztia estilo grafiko originalean aurkezten digu brasildarrak: psikodelia erabiltzen du teknika gisa, non koloreak aldagarriak diren, eta ez datoz bat mundu errealarekin baizik eta (akaso) emozioen munduarekin; horrela, efektu estetiko (eta sinestesiko) zinez adierazkorra lortzen du.

Horregatik guztiagatik, esan dezakegu Marcello Quintanilharen lan gogoangarri hau ez galtzeko modukoa dela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude