Esther Ferrer eta denbora
Aintzane Usandizaga & Aran Santamaría
Pamiela, D.L. 2022
Bagara Saila
1 libk. : il. kol.
ISBN 978-84-17742-76-8
Literatura tresna baliotsua izan daiteke erreferenteak sortzeko, nabarmentzeko, azaleratzeko… Gaurkoan, Bagara saila nabarmendu nahi nuke, Pamiela Argitaletxeak sortu duen bilduma berria, non, Euskal Herriko emakume artista esanguratsuei buruz aditzera emango zaigun.
DK Irratiko ‘Ispilu Beltza‘ irratsaioan liburu honi buruzko gomendioa entzun dezakezue.
Hiru album argitaratu dituzte dagoeneko:
– Esther Ferrer eta denbora: (ia) guztia itsas daiteke.
– Ahizpari gutuna: Mari Paz Jiménez eta pintura.
– Rosa Valverde eta kutxak.
Edizio ederra eta zaindua duten albumak dira hauek. Liburu bakoitzak bere estilo narratibo eta ilustratibo propioa du, guztiz ezberdinak bata bestearengandik. Horrek, bilduma aberasten du, idazle eta ilustratzaile ezberdinen katalogo bihurtu daiteke eta, bilduma hazten den neurrian.
Ez nahastu, ez dira eta artista hauen biografiak. Baina haien bizitzan eta obran sakontzeko aukera ere ematen digu. Liburuaren atzeko orrialdeetan, artistaren biografiaren laburpen bat azaltzen da eta QR kode baten bidez, haiei buruzko hitzaldietara zuzenduko gaituzte. Ahizpari gutuna liburuan adibidez, Donostia Kulturak antolatutako Barne Begiradak izeneko zikloko, Mari Paz Jimenezi buruzko hitzaldira.
Argitaletxean zortzi urtetik aurrerako irakurleei zuzendua dago, baina, hamabi urtetik gorakoentzako (gutxienez), gazteentzako eta helduek irakurtzeko egokiagoa dela esango nuke. Irakurketa mekanikotik haratago, kontakizuneko mamiaz gehiago gozatzeko.
Euskal Herriko artean garrantzitsuak diren emakumezko figurak ezagutarazteko, proposamen estetiko eta narratibo interesgarria benetan.