X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Francesco Pasqualeren bosgarren arima

Unai Elorriaga

Susa, 2024
209 or.
ISBN 978-84-19570-27-7

Literaktum jaialdian Unai Elorriagaren Francesco Pasqualeren bosgarren arima liburuaren aurkezpen solasaldia izango da azaroaren 11n, astelehena, 19:00etan Ernest Lluch Kultur Etxean. Sarrera doan edukiera bete arte. Elkarrizketatzailea: Iñigo Aranberri.

Unai Elorriaga (Bilbo, 1973), idazle ezagunak nagusiki eleberriak idazten ditu eta hainbat sariren irabazlea izan da. SPrako tranbia (2001) lehen eleberriarekin Espainiako Narratiba Sari Nazionala eskuratu zuen. Ondoren, 2003an Igartza saria eman zioten Van’t Hoffen ilea lanarengatik. Jarraian etorri ziren Vredaman (2005) eta Londres kartoizkoa da (2009). 20015ean Kritika Sari Nazionala jaso zuen Iazko hezurrak eleberriagatik, 2019an Iturria argitaratu zuen eta azkena berriki argitaratu duen Francesco Pasqualeren bosgarren arima.

Liburua puzzle baten antzera irakurtzen da, eleberriaren kapituluak puzzlearen pieza solte moduan agertzen zaizkigu eta irakurri ahala istorio luze bat osatuko digute, Francesco Pasquale, pertsonaia nagusiaren inguruan (1825-1910) Italiako Sapri herrian hasi eta Bermeon amaituko den bizitza oso bat. Alex Orbe irudigileak ezin hobeto asmatu du liburuaren azaleko puzzle piezekin.

Lagin moduan jarraian liburuaren hasiera:

«Plazako putzura zerri bat bota zutela hasi ziren esaten orduan. Zerria gaixorik zegoela esan zuten, oso gaixorik hil zela, horregatik bota zutela putzura. Esan zuten ez edateko ur hura, harrezkero tripak lehertu beharrean zeudela handik edan zuten batzuk, esate baterako Ruggiero Leone, esate baterako Cesare Merola. Hainbatek galdetu zuen orduan nork bota zuen zerria putzura, zertarako, zergatik galdu nahi zuen herriko inork herriko ura. Ezetz erantzun zuten, kanpotik ekarri zutela zerria, Acquafreddatik edo Trecchinatik. Salernoko jendeak ekarri zuela esan zuen baten batek ere, hango gaixotasuna zela zerriarena, horregatik ari zirela Cesare eta Ruggiero tripak botatzen. Baina zertarako ekarriko zuten zerri gaixo bat Salernotik, horren urrutitik, herri txiki batera, putzura botatzera, zergatik ez zuten itsasora bota edo Salernon bertan lur eman, hain gaixorik bazegoen. Guztiarekin ere, esaten jarraitu zuten zerria putzutik atera arte, ez edateko hango ura. Gauez aterako zutela esan zuten, ez zekiten noiz.» 7 or.

Francesco Pasqualeren bosgarren arima solasaldiaren hurrengo saioan, abenduaren 3an, Iñigo Astizen Monogamoak liburuaz hitz egingo da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude