X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Hamabost egun Urgainen, Jose Antonio Loidi

Post honen idazlea: Arantxa Arzamendi

Hamabost egun Urgainen

Jose Antonio Loidi

Erein, 2023

216 or.

ISBN 978-84-9109-869-0

 

 

Jose Antonio Loidiren Hamabost egun Urgainen polizia eleberri klasikoa izango da mintzagaia maiatzaren 2an, asteartea, arratsaldeko 19:00etan Liburutegi Nagusiko Ekitaldi Aretoan (San Jeronimo kalean), Iñigo Aranbarri gidatzailearekin izango den solasaldian.

Jose Antonio Loidi Bizkarrondo (Errenteria, 1916 – Irun, 1999), ogibidez botikaria izan zen eta 1943an Irunen plaza lortu zuen. Ikerketarako zaletasun handikoa, antropologia, filologia, toponimia, osasun publikoa, hidrologia eta botanika arloko hainbat artikulu eta lan ugari argitaratu zituen. Literatura arloan aldizkarietan ipuinak eta artikuluak ere idazten zituen, besteak beste, Egan, Zeruko Argia, Jakin, Olerti, Uranzu, Bidasoa eta La Voz de España egunkarian. 1957an, Amabost egun Urgain’en idatzi ondoren Euskaltzain urgazle izendatu zuten eta 1998an ohorezko kide. Irunen, besteak beste, ikastolaren sortzaile taldeko kide izan zen, baita ere bertako Euskal Jaien antolatzailea (1966) eta Luis de Uranzu Kultura Taldea argitaletxeko sortzailea eta lehendakaria. 1976an Eusko Ikaskuntzaren berpizte lanetan parte hartu zuen eta UZEIren biologia hiztegia sortzen ere lagundu zuen.

Frankismo garaiko urte ilunetan, Amabost egun Urgain’en (1955) argitaratu zuenean ez zuen inolaz ere imajinatuko hirurogeita zortzi urte beranduago Erein argitaletxeak edizio berri bat egingo zuenik. Bitartean hainbat berrargitalpen egin dira eta irakaskuntzan irakurri den liburua izan da. Itzulpenak ere izan ditu eta bi bertsioren aipamenak aurkitu ditut: katalanera Quinze dies a Urgain (1961) Josep Aguirrerena eta ingelesera 15 days in Urgain (2014), Nere Leterena, Center for Basque Studies, University of Nevadak argitaratua.

Lehenengo edizioa eta azkena eskuetan edukitzeak halako zirrara berezia sortu dit. 1955eko edizioa oso xumea izanik Nabaskues’tar Jose Luisen irudiekin apainduta dator. Zarauzko Itxaropenan inprimatu zen garai hartan ez bait zegoen euskal argitaletxerik eta Loidi berak ordaindu omen zuen mila aleko tirada. Liburuaren hasieran Aingeru Irigarai idazlearen aitzin solasa topatuko dugu.

2023ko martxoko edizioa berriz, euskara batuan egin den hirugarren argitalpena, Jon Alonsoren hitzaurrearekin eta Erein argitaletxearen oharrarekin dator. Edizio osoa gaurkotu da, bai testuaren aldetik eta baita diseinuari dagokionez ere. Jose Luis Nabaskuesen irudiak desagertu dira eta azal berria Cristina Fernándezek egina da. Bi edizioen hasieran egileak gurasoei zuzendutako eskaintza: “Florentino Loidi eta Iturzaeta nire aita zenari,  Ana Bizkarrondo eta Olaziregi nire ama zenari.”

Liburua hogeita hamar ataletan banatzen da:

  1. Osteguna: Txomin larri…

Ilunabarra zen… Negu gorriko ilunabar bat… Urgaingo kaleetan ez zen inor ageri. Eta, egia esan, ez zen harritzekoa… Hango euri-zaparrak! Hango haize-zurrunbiloak! Hango hotza!…

Ez zen, ez, neska mutilen jolas-zalapartarik entzuten. Ezta, bestetan bezala, ordu haietan kalean gora eta behera, harantz-honantz eta honantz-harantz ibiltzen ziren gazteen oihurik ere. Bai zera!…

Euria. Euria eta euria…

Noizik eta behin, Donostiako trena iristen zenean han zetorren jendeak kale nagusiari alaitasun pixka bat ematen zion, baina, berehalaxe, hitz batzuk orduko, han zetozenak, batak besteari azken agurra egin, eta guztiak lasterka etxeraturik, hotza, euria eta arkupetan gerizpeturik zeuden gazte ale batzuen etengabeko berriketaren marmarra besterik ez zen han.

Euria goian behean, hotza, haizearen txistua… Eta, kale erdian, erreskadan zintzilika zeuden argiak, berriz, ilunsenti hartan izarrik ageri ez zela eta, berak izarrak balira bezala, harro-harro eginda, zabu-zabuka eta keinuka. Haien poza!…

Egun kaskarra huraxe bai, kaskarra bazen! Nor kale erdian batetik bestera hasi?

Hala ere, ilunsenti hartan, inor ageri ez zen halako batean, kalez kale eta tipi-tapa, gizontxo arlote bat azaldu zen.”

Hasieratik liburuak misterio kutsua hartuko du eta lehenengo orriak irakurri hala harrapatuko gaitu. Martin Garaidi (bere buruz lanean jarduten den polizia) pertsonaiaren inguruan hogeitik gorako taldea mugituko da. Ironia handiz idatzita dago eta teknika aldetik ezagutza handiko idazle baten aurrean gaudela esan dezakegu.

Liburutegiko solasaldien urteroko programazioan euskal eleberri “klasiko” bat aukeratzen da eta aurten Loidirena izango dugu. Saio interesgarri bat zalantzarik gabe, eta Hamabost egun Urgainen liburuaren hurrengo saioan, ekainaren 6an, Sherwood Anderson idazlearen Winesburg, Ohio komentatuko da, Joannes Jauregik itzulia eta Igelak argitaratua (2022).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude