Post honen idazlea: Arantxa Arzamendi
Traducción: Danele Sarriugarte
Erein, 2022
181 p.
ISBN 978-84-9109-646-7
Luisa Carnés idazlearen Hamahiru ipuin liburua izango da mintzagaia urtarrilaren 10ean, asteartea, arratsaldeko 19:00etan Liburutegi Nagusiko Ekitaldi Aretoan (San Jeronimo kalean) Iñigo Aranbarri gidatzailearekin egingo den solasaldian.
Luisa Carnés (Madril, 1905 – Mexiko Hiria, 1964) idazlea eta kazetaria izan zen. Gurasoak langileak ziren eta ez zuen ikasketak egiteko aukerarik izan baina oso gaztetatik hasi zen idazten eta 1936rako bazituen zenbait narrazio eta hiru eleberri: Peregrinos de Calvario (1928), Natacha (1930) eta Tea Rooms – Mujeres Obreras (1934). Gerra Zibilaren garaian Mexikora erbestaratu zen eta kazetaritzan lan egin zuen. Bere obra gehienak gaztelaniaz berrargitaratuak izan dira eta euskaraz Erein argitaletxeak Hamahiru ipuin (2022) argitaratu du Danele Sarriugartek itzulia. Liburuaren sarreran Uxue Razquin Olarra editoreak, hamahiru ipuin hauen ibilbidea kontatzen digu. Lehenengo lauak 1936 aurretik idatzitakoak dira eta Carnések Espainiatik Mexikora mekanografiatuak eraman zituen eta beste bederatziak berriz, (1950-1963) Mexikon sortuak izan ziren.
Ipuinen gaiei dagokionez, Espainiako egoera sozio-ekonomikoa, emakumeen egoera, gerra eta errepresio frankista nabarmentzen dira, baita ere Estatu Batuetako arraza-segregazioa.
Ipuinen zerrenda
- Tranbian (1931)
- Bikiak (1932)
- Emakume itsusia (1932)
- Olibondoak (circa 1933)
- Etxean (1950)
- Salataria (1955)
- Iparrorratzik gabe (1956)
- Familiako albuma (1954)
- Mulatoa (1960)
- Atezaina (1961)
- Ama ereilearen unea (circa 1950)
- Akelarre. Gure garaiaren kronika (circa 1959)
- Smith jaun-andreak (1963)
Tranbian (1931)
“Tranbian sarturiko bikote gaztea, lurrin exotiko batek bete du giroa, eta moja baten jakin-mina erakarri: Sol-Ventas kalamastrako bidaiari bakarra.
Gaztea da. Bekain beltz zabalak ditu. Kokotsean, ebakiondo txiki bat, elutxa graziosoa irudi. Begi handi, biribil, leloekin kanpora begiratzen du lausoki; ez du uzten une batez ere susper dezaten balkoietako zuloek, eraikintzar zuri, gris edo gorriek, haietako pertsiana berde zein horixkek.
Toles ugarietako gonaren azpian ageri zaizkio boten punta zapalak. Artileki beltzezko mahukaburu sakonetan hondoratzen dira eskuak.
Mugiezin. Bikote gaztearen agerpenak baino ez ditu pixka bat lasaitu haren ezpain larriak; bikote gazteak baino ez du lortu haren begi biribil leloetako betazalak inarrostea.” 9. or.
Literatur saio hau doakoa da, edonorentzat irekia eta irakurri beharreko liburuak eskuragarri daude bai liburutegietan eta bai liburu-dendetan ere. Luisa Carnésen ipuin liburuarekin emango zaio hasiera 2023 urteko solasaldi zikloari, hurrengo saioa otsailaren 7an izango da eta Jose Luis Otamendiren Landura poema liburua izango da mintzagai.