X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Hamaseigarrenean, aidanez

Anjel Lertxundi

Erein, 2013
139 or.
ISBN 978-84-7568-733-9

Anjel Lertxundiren Hamaseigarrenean, aidanez eleberria izango da mintzagai apirilaren 8an, asteartea, arratsaldeko 19:00etan Liburutegi Nagusiko Ekitaldi Aretoan (sarrera San Jeronimo kaletik), Iñigo Aranbarri gidatzailearekin egingo den solasaldian.

Anjel Lertxundi (Orio, 1948), euskal idazle oparoenetarikoa kontsideratua dago. Literaturaren arlo gehienak jorratu ditu: haur eta gazte literatura, eleberria, ipuinak, itzulpena eta saiakera. Prentsan eta zinemagintzan ere aritu da eta bi pelikula zuzendu ditu, hain zuzen ere, bere bi eleberrietan oinarrituak: Hamaseigarrenean, aidanez (1985) eta Kareletik (1987).

Literatura alorrean aipagarriak dira Lertxundik bere ibilbide profesionalean lortutako sariak. Besteak beste, solasgai dugun Hamaseigarrenean, aidanez (1983) eleberriarekin Eusko Jaurlaritzaren Jon Mirande Nobela Saria irabazi zuen 1982an. Handik urte batzuetara, Euskadi Literatura Saria jaso zuen Argizariaren egunak (1998) eleberriarekin, eta 2010ean, Espainiako Saiakera Sari Nazionala Eskarmentuaren paperak (2010) argitalpenarekin. Azkenik, 2021an, Haur eta Gazte Literatura Saria lortu zuen Haltzaren muinoa (2020) ipuinarekin.

Lertxundiren literatura lanetan sakondu nahi duenarentzat aproposa da berriki kaleratu den Anjel Lertxundi: idazlea eta obra (2024) liburua, Beatriz Zabalondo Loidi eta Alexander Gurrutxaga Muxikak koordinatua, eta Euskal Herriko Unibertsitateak argitaratua, Gabriel Aresti Katedra bilduman. Bertan biltzen dira, alde batetik, 2023ko Donostiako Miramar jauregian antolatu zen Uda Ikastaroko ekarpenak, eta bestetik, Zarauzko Udalak Kultur Merezimenduaren Domina eman zion ekitaldikoak. Jarraian, lagin moduan, Hamaseigarrenean, aidanez eleberriko lehenengo paragrafoa:

“Ez nuen leihorik ireki behar izan gertatuko zitzaidana ezagutzeko. Etxeko atearen danbatekoak esnatu ninduenean jakin nuen jazoko zitzaidana. Begiak ireki eta gelako aulki bakarra senarraren erroparik gabe ikusi nuen unetik. Kolpe batean irentsitako etsipena. Hala ere xehetasunak ez nituen zehatz ezagutu leihorantz joan, pertsianaren gibelean aire bizi eta eraginkorra usaindu apirileko goiz ilun, euritsuan eta haize boladak leihoaren oinarriak astindu zituen arte.” 11 or.

Eleberria argitaratu zenetik berrogei urte ondorengo irakurketa honetan bi gai nagusi nabarmenduko nituzke. Alde batetik, Lertxundiren konpromiso soziala eta bereziki emakumeen aurkako indarkeriaren salaketa, Martzelinak, protagonistaren emazteak irudikatua; eta, bestetik, eleberrian deskribatzen den baserri-giro apustuzalearen inguruko begirada kritikoa.

Ez galdu solasaldira joateko aukera, eta gogoratu Liburutegian hilabetero egin ohi direla irakurketa saioak. Hurrengoa maiatzaren 6an izango da Walt Whitman (2022) poetaren antologia Josu Goikoetxeak itzulia Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaierak bilduman.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude