Irailak 30-ean, Liburutegi Nagusiko gaztelaniazko solasaldian, Maggie O´Farrell idazlearen Hamnet eleberriari buruz hitz egingo dugu.
Hamnet, 11 urterekin hil zen William Shakespeare-ren semearen izena da. Eta hau, haren heriotzari eta haren familiarengan, bereziki gurasoengan, izan zuen eraginari buruzko nobela da. Laburpen faltsu samarra da hau, sinpleegia, Maggie O´Farrell-en eleberria hori baino askoz gehiago baita. Itzaletatik hainbat gai sortzen dira orrialdez orrialde: dolua, amatasuna, mina, anbizioa, edertasuna, artea, gaixotasuna, herria, familia loturak, maitasuna (bere gorabeherekin), hiria, natura eta bere botere majikoa.
«En la década de 1580, una pareja que vivía en Henley Street, (Stratford), tuvo tres hijos: Susanna y Hamnet y Judith, que eran gemelos. Hament, el niño, murió en 1596 a los once años. Cuatro años más tarde su padre escribió una obra de teatro titulada ‘Hamlet’»
Erreferentzia historiko honekin abiatzen da Maggie O´Farrell-en eleberria. Izan ere, datu gutxi daude William Shakeskeareren bizitza pertsonalari buruz eta askoz gutxiago bere familiari buruz, noski. Jakina da Anne Hathaway-rekin ezkondu zela eta hiru seme-alaba izan zituztela: Susanna, eta Judith eta Hamnet, bikiak. 1596an, Stratforden, garaiko dokumentu ofizialetan arrazoiak azaltzen ez direla, hamaika urteko mutila, Hamnet, hil egin zen. Ikerketa asko idatzi dira, baita fikzioak ere, Literaturaren Historiako autore garrantzitsuenetako baten hutsune biografiko honi buruz, baina egia osoa ez dakigu. Maggie O´Farrell-ek Shakespeareren semearen heriotzaren datua institutuan, 16 urte zituenean, deskubritu zuen. Bere buruan gorde zuen, orainarte: Hamnet izeneko eleberri honekin hutsune historiko hori betetzen saiatu den arte. Baina, egia jakin gabe, zergatik sinistu Hamlet benetan Hamnet-i egindako omenaldia dela? Dirudienez, XVI.mendean Hamnet eta Hamlet izen bereko bi forma trukagarri ziren, eta horrek ere inspiratu du idazlearen fikzioa.
Baina, berez, nobelaren izenburua engainagarria da: Agnes, Hamnet-en ama eta Shakespeareren emaztea, benetako protagonista da. Eta hemen ere izen jokoa dago. Badakigu Anne izena zuela, baina bere aitak Agnes deitu zion testamentuan eta Maggie O´Farrell-ek izen hori nahiago izan zuen bere istorioaren protagonistarentzat. Idazlearen beste aukera bat William izena ez aipatzea da. Horrela, Hamnet eleberri historikoetatik eta William Shakespeareren mailako pertsonai handi eta mitologikoen bizitzak berreraikitzeko saiakeretatik urruntzen da. Istorioa benetako gertakari eta lekuetan inspiratuta dago, bai, baina fizkioa da.
Bi plano narratibotan eraikitzen da Hamnet. Alde batetik, Hamnet-en gaixotasuna deskubritzen ari garen oraina dago, eta bestetik, bere aitaren eta amaren arteko erromantzea, familia arazoak eta Agnes-en hazkuntza edo eboluzioa. Gehien gustatzen zaidana hau da: nola historikoa dirudi, Shakespeare-ren eta bere familiaren bizitza talentu handiz berreraikitzen du, magistrala da, erabat eiantzekoa, baina aldi berean badago zapore abstraktu bat, guztia asmakizuna bat dela gogoratzen digun zerbait. Uste dut horrek egiten duela hain interesgarri Maggie O´Farrell-en nobelak: beti ustekabekoenaren alde apustu egiteko gaitasuna da, begirada beste alde batera bideratzen du beti.
Maggie O´Farrell Ipar Irlandan jaio zen eta Gales eta Eskozia artean hazi zen. Hasieratik idatzi du fikzioa eta baita ez-fizkioa ere, baina beti loturak eta galerak ardatz hartuta. Honako eleberri hauek argitaratu ditu: After You’d Gone, My Lover’s Lover, La distancia que nos separa (Somerset Maugham saria irabazi zuena), La extraña desaparición de Esme Lennox , La primera mano que sostuvo la mía (Costa eleberri saria irabazi duena), Instrucciones para una ola de calor, Tiene que ser aquí, nazioarteko bestsellerrak Hamnet (Women’s Prize for Fiction y el National Book Critics Circle Award sariak irabazi dituena) eta El retrato de casada eta Sigo aquí, memoria liburua.
Hamnet nobela ederra eta sakona da, delikatua baina baita oso zuzena eta ikaragarria ere. Espero dut nik adina gozatu izana. Irailaren 30-ean ikusiko dugu elkar, arratsaldeko 19:00etan, Maggie O´Farrell-en istorio zoragarri honen xehetasun guztiak komentatzeko.

