X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Igeldoko historia eta istorioak, Jabier Iraola Gabilondo

Igeldoko historia eta istorioak, Jabier Iraola Gabilondo
Donostia Kultura, 2023
552 or.

1000 bat argazki eta hamaika kontakizun zahar jasotzen ditu Jabier Iraola Gabilondok eta bere lantaldeak atondutako liburuak. 560 orrialdeko argitalpenak bi zati ditu: lehen zatian, Igeldoko 119 etxe, baserri eta bertan bizi izandako familiei buruzko informazioa bildu da; bigarrenean, beste zenbait gai ageri dira: arrokak, eskola, gerra, harrobiak, iturriak, jai giroa, kirolak , ondarea eta beste hamaika kontu. Igeldoko Herri Kontseiluak euskaraz argitaratu du liburua Donostia Kulturak lagunduta

Duela 5 bat urte hasi zen Jabier Iraola baserrien argazki zaharrak biltzen. Igeldoko baserriak galtzen ari zirela ikusita, argazkiak jasotzen hasi zen etxez etxe. Etxeetako argazkiez gain, familia-argazkiak eta aspaldiko usadioei buruzkoak ere eskuratu zituen. Guztira 2.200 bat argazki lortu zituen eta horietatik mila ikus daitezke liburuan.

Etxez etxeko bisitetan, bertako familiek baserriari, familiari eta garai bateko bizimoduari buruzko informazioa ematen ziotenez, hasiera batean argazki-liburu hutsa izan behar zuena testuaz osatzea erabaki zuen. Ahozko ondarean oinarritutako liburua da, igeldoarrek kontatutako bizipen eta istorioak baitira liburuaren ardatza.

Igeldoko 100 etxe eta baserriri buruzko informazioa jasotzeaz gain, Igeldoko mugaz kanpoko 11 baserriri ere lekua egin zaie argitalpenean, baserri horietan bizi izan diren familiek Igeldorekin eta igeldoarrekin historikoki izan duten harreman estua dela eta.

Orioko mugatik gertu dagoen Iranguren baserria da Igeldoko baserririk zaharrena. 1178koa da baserri honen lehen aipamena eta, erorita dagoen arren, haren aztarnak ikus daitezke oraindik.

Galdutako baserriei ere tartea egin zaie. Horietako zortziren argazkiak ikus daitezke baina desagertutako beste batzuen irudirik ezin izan da lortu.

Liburuaren protagonistak herritar arruntak diren arren, ospe handiko pertsona eta familiak hartu zituzten bi etxe aipatzen dira: Otondo eta Eulalia Enea. Kristobal Balentziaga jostunak Igeldoko kaskoan dagoen Otondo baserria erosi zuen XX. mende erdiaren aurretik bere oporrak han igarotzeko. Eulalia Enea etxean, bestalde, Isabel II.a Espainiako erreginaren alaba gazteena, Eulalia infanta, bizi izan zen. Borboiek etxea 1925ean erosi aurretik, beste pertsona ezagun batek, Orkolaga apaiz-meteorologoak, behatokia (obserbatorioa) jarri zuen 1901etik 1905era.

Liburuaren ekarpen handienetakoa memoria historikoa berreskuratzea

“Gerra eta soldaduska” izeneko atalean 1936ko gerra zibilak Igeldon eragindako sufrimendua azaltzen da. Atalaren hasieran, 1936ko irailaren 13an soldadu eta tropa erreketeak Igeldora igo eta Mendizorrotz hartu bitarteko ibilerak irakur daitezke. Egun horietako hainbat argazki ere ikusgai daude. Hortik aurrera, igeldoarren testigantzak jasotzen dira: kanoikadek, “Cervera” gerraontziarenak besteak beste, Igeldon eragindako izua, harkaitzetan eta arroketan ezkutatutako familien testigantzak eta abar. Gerra ondoren jasandako zapalkuntza, jazarpena eta gosea ere ondo baino hobeto jasotzen dira. Familiek inoiz etxetik kanpo kontatu gabeko pasarteak bildu dira gainera. Eta horrekin batera, gerran hildako edota fusilatutako hamasei igeldoarren izen-abizenak ere ezagutzera eman dira. Gehientsuenak 1936ko gerra zibilaren ondorioz hildakoak dira baina hiru Bigarren Mundu Gerran hil ziren: Bi Errusian, “Dibisio Urdina”rekin hara joanda, eta hirugarrena naziek Mauthausen konzentrazio eremuan hilda.

“Gobadak egitea”, donostiar aberatsen arropak garbitzea, emakume askoren lanbidea

Igeldoko baserritarren bizimoduan bada azpimarratzeko kontu bat: emakumeen garrantzia etxeko ekonomian. Emakumeek baserriko lanak egin eta azokara produktuak saltzera joateaz gain, gobadak egiten zituzten. Gobadak egitea Donostian bizi ziren aberatsei eskainitako zerbitzua zen: Igeldoko emakumeak goi mailako jendearen etxetik maindireak eta ohe-arropak igotzen zituzten iturri edo erreketan garbitzeko. Behin garbituta, bide bazterreko harrizko hormen edo larreen gainean zabaltzen zituzten lehor zitezen. Ondoren, maindirez beteriko pisu handiko fardelak Donostiara eramaten zituzten berriro, asto gainean hasieran eta autobusean ondoren. Lanbide horrek XX. mende erdira arte iraun zuen.

Liburuan, hala ere, gobadak egiteko erabiltzen ziren iturriez gain, bestelako iturriak ere bildu dira. Guztira 22 iturriren argazkiak daude. Iturri asko ez dira erabiltzen jada, batzuk galdu dira edota galtzeko arriskuan daude. Aipagarriena Din-din iturria da, eraikuntza aparta da, harlanduz egina, arku gotiko ikusgarria erdian duela. Aintzinako iturria da, benetako altxorra, eta egoera tamalgarrian dago.

Harrobi ospetsu eta garrantzitsuak

Ezaguna da Donostiako ikur diren Parte Zaharreko eta Erdialdeko eraikinik esanguratsuenak Igeldoko harrobietatik aterarako harriarekin eraiki zirela, besteak beste: Artzain Onaren katedrala, Bretxako Merkatua edota Victoria Eugenia antzokia.

Eraikin horiek XIX. mende bukaerakoak eta XX. hasierakoak diren arren, Igeldoko harrobiak askoz lehenagokoak dira: jakina da XII. mendean bazirela harrobiak Igeldon, 1141ean Nafarroako Gartzia Ramirez erregeak Igeldoko harrobiak Iruñeko Katedral elizaren esku utzi baitzituen.

Donostiatik hasi eta Orioko mugarainoko itsasaldera ematen duten lurretan harrobia besterik ez zegoen. Zabalik egondako azken 20 harrobien informazioa jasotzen da liburuan. Horiek guztiak XX. mendean zehar itxi ziren. Azkena ixten Amezti harrobia izan zen 1984an.

Beste zenbait gai eta atal erakargarri

Beste hainbat gai interesgarri ditu liburuak: Igeldoko arroken izenak eta argazkiak ikus daitezke liburuan, itsasotik ikusita. Elizak eta eskolak igeldoarren bizitzan izan zuten eragina ere azaltzen da. XX. mendeko lana eta bizimoduaren berri ematen da eta jaiak nolakoak ziren ere jakin ahal izango dugu. Kirolek, herri kirolek bereziki, tarte garrantzitsua dute eta baita Igeldok duen ondarea ere: Megalito guneak, gotorlekuak, elur zulo eta karobiak, natur ondasunak eta abar. Azkenik, tarte berezia eskaini zaie XX. mendean sortu eta izen handia hartu zuten hiru jarduerei: Akelarre-Ku, Monte Igeldo jolas parkea eta Gudamendi tiro-zelaia.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude