X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Itzalen distira, Arrate Egaña

Post honen idazlea: Arantxa Arzamendi

Itzalen distira, Arrate Egaña

Erein, 2022

148 or.

ISBN 978-84-9109-822-5

 

 

Arrate Egañaren Itzalen distira ipuin liburua izango da mintzagaia martxoaren 7an, asteartea, arratsaldeko 19:00etan Liburutegi Nagusiko Ekitaldi Aretoan (San Jeronimo kalean). Egaña idazlea saiora gonbidatua izan da eta Iñigo Aranbarri solasaldiaren ohiko gidatzaileak liburuaren inguruko elkarrizketa egingo dio.

Arrate Egaña Giménez (Errenteria, 1963), Filologia Hispanikoen lizentziatua da eta literatura eta gidoigintza ikasketak ere egin ditu. Bigarren hezkuntzako irakasle izan da eta gaur egun hizkuntzen teknikari gisa lan egiten du Bilbon Hezkuntza Saileko ISEI-n (EAEko irakas-sistema ebaluatu eta ikertzen duen erakundea).

Hogeita hamar liburu inguru argitaratu ditu ume, gazte eta helduentzat, hainbat generotakoak (antzerkia, eleberria, ipuina…). Hasiera batean helduentzat gaztelaniaz idazten hasi zen eta bi sari lortu zituen, Salamancako Atenea saria (1992) Angelitos negros ipuinari esker eta Donostia Hiria bigarren saria La visita ipuinagatik. Urte batzuk beranduago euskaraz idazteari ekin zion eta zenbait literatur sari irabazi ditu, hala nola SM argitaletxeko Baporea (Printzesa puzkertia, 1999), Erroxape (Katea, 2000), Emakumeak Kontari (Neguko udareak, 2002), Lizardi (Giltza, 2011), Gabriel Aresti (Marquez, 2013), Donostia Hiriko Kutxa (Egia, 2012) eta Mikel Zarate (Patioan, 2015).

Solasaldian komentatuko den Itzalen distira ipuin liburuaz gain, lehendik badu beste bat Paradisua, 2012an argitaratua.

Guztira zortzi ipuin dira Itzalen distira osatzen dutenak:

  1. Marquez
  2. Ordezkoaren teoria
  3. Norena da ohe hau?
  4. Nigan bizi den beste hori
  5. Itzalak
  6. Lolitaren ama
  7. Final destination”
  8. Mercy” eman

Itzalen distira, liburuaren izenburua ipuin guztietan gertatuko da, eta irakurle batzuentzat itzala dena besteentzat distira bihurtuko da. Alde horretatik liburua nahiko irekia da, kontraste askorekin eta hainbat interpretazioetara prestatzen dena.

Gaiak berriz, ohikoak direla esan genezake, bizitzan eta egungo gizartean inspiratuak baina egoera atipikoetara eramanak, besteak beste, denboraren joana, obsesioak, heriotza, zahartzaroa, gazteak, sakrifizioa nabarmendu ditzakegu.

Marquez 9. orrialdean

Parke bateko bankuan eseri naiz. Ez nekien hemen banku bat jarri zutenik; egia esan, parke osoa ezezaguna egin zait. Ez dago gaizki. Barruan egon naizen bitartean, berdeguneek zementuari espazioa jan diote, tabernek izena aldatu dute, eta, okindegia zegoen lekuan, kultur etxe dotore bat jarri dute, itsasadarrari begira. Atzo, liburu-denda batean sartu nintzen, behinola han zegoen jatetxera sartzen ari nintzelakoan. Pareko zapata-denda itxi dute; gustuko nuen denda hura.

Kalean ibiltzea, itxurazko normaltasuna emanez, neketsua da. Jende ezezagun askorekin gurutzatu naiz. Ezagunekin topo egitea zailagoa izaten da, ordea. Arnasarik gabe geratzen naiz, zer esan jakin gabe. Hemen inguruan ez dago inor. Ibaia, orain garbia, aurrean dut, isil bezain arrotz. Ur gardena darama, usain txarrik ez.”

Liburuaren argitalpenari dagokionez, azaleko irudia idazleak berak egindako margolan baten zatia da, sakrifizioaren ideia irudikatzen duena. Arrate Egaña berak elkarrizketa batean kontatzen du, txikitatik margotu duela eta gustuko duela pintatzea baina ahal duenean bakarrik egiten duela.

Ez galdu solasaldira joateko aukera, gainera oraingoan idazlea bertan egongo da eta gogoratu irakurri beharreko liburua eskuragarri dagoela bai liburutegietan edo liburu dendetan. Itzalen distiraren hurrengo saioan, apirilaren 18an J. M. Coetzeren Lotsaizuna, eleberria komentatuko da.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude