Elkar, 2023
220 or.
ISBN 978-84-1360-315-5
14 urtetik aurrera
Itzultzeko aurretik joan egin behar da. Horixe gertatzen zaio Itzulerak liburuko protagonistari, Katalini. Gazteak denboran atzera bidaiatzen du eta guztiz ezezaguna zaion Euskal Herri batean bizitzea egokitzen zaio.

Katalin, bere ama eta neba Garraitzetara heldu dira Haize-Begi etxean bizimodu berri bati ekiteko asmoz. Alabaina, iritsi bezain pronto, ezustekoa izango dute: bertan haur jaioberri bat aurkituko dute bai eta haren ama ere, beste garai batetik iritsitakoak diruditenak. Era berean, Katalinek eta nebak deskubritzen dute badagoela pasagune bat zeinetan denbora eta lekuak gurutzatzen diren. Hori zeharkatzen duenak iraganean harrapatuta geratzeko arriskua dauka. Horixe gertatuko zaio Katalini: XVI. mendean agertuko da. Gaztea Martija de Jauregi emaginari esker biziraungo du eta, haren eskutik ofizio bat ikasita, garai baten lekuko bihurtuko da.
Fantasiazko nobela honetan, sineskerak, herri-jakituria, mitologia, natura eta beste alor batzuetako zipriztinek garai bateko Euskal Herrian zehar abentura baten barrena eramango gaituzte. “Oreina bilakatutako neska” izeneko baladari ere keinua egiten dio. Mariasun Landa idazle esanguratsuak eleberri bat idatzi zuen balada honetan oinarritutakoa Azken balada izenekoa.
Miren Agur Meabe ibilbide luzeko idazlea da, askotan saritutakoa. Poesia, narratiba, haur literatura… jorratu ditu. Liburu honetan ere bere obran zehar nabarmentzen den hizkuntza indartsu eta zuzena, agertzen da.
