
Sexto piso, 2023
148 orr.
ISBN 978-84-19261-60-1
El año del pensamiento mágico liburua, Joan Didionek senarraren bat-bateko heriotza eta alabaren gaixotasuna kontatzen duen eleberria, esaldi mingarri batekin hasten da: «te sientas a cenar y la vida que conocías se acaba». Mingarria, baina egia borobila. Tomás Gonzálezen La luz difícil liburua hasi eta berehala gogoratu nuen, lehen orrialdean honako hau esaten duelako: «dormí casi cuatro horas seguidas, sin soñar, hasta que a las siete me despertó la punzada de angustia en el vientre por la muerte de mi hijo Jacobo, que habíamos programado para las siete de la noche, hora de Portland, diez de la noche en Nueva York».
Kasu honetan, itxaronaldia da eleberriaren protagonista nagusia. Itxaronaldi horrek, gaixoa ez ezik, Daviden semea, istorio honen ahotsa, bere ingurukoak ere urratzen ditu. David margolari zaharra da, eta eskuz idazten du, lupa baten laguntzaz, bere bizitzaren oroimen txiki bat. Itsu geratzen ari da eta pintzelak aldatu ditu hil aurretik bere emazteak oparitutako luma batengatik, oroitzapen batzuk paperean uzteko. Ez ahazteko, agian, edo berriz bizitzeko, agian. Hala, duela 20 urteko itxaronaldi hori orainaldiko uneekin nahastuz, Davidek maitasunaz, minaz, frustrazioaz, edertasunaz, damuaz eta zahartzaroaz hitz egiten digu, besteak beste.
Kapitulu oso laburren bidez, Tomás Gonzálezek sotiltasunez eraikitzen du protagonisten xehetasunez jositako nobela. Daviden familia, seme-alaben bikotekideak, Jacoboren errehabilitazio-kideak, lagunak eta neskamea, Ángela, eta bere familia ezagutuko ditugu irakurketa honetan. Pertsonai sorta da, denak ere distiraz deskribatuta. Lehen orrialdeetatik, mundu horren, koadro horien, itxarote horren eta narriadura fisiko horren parte sentitzen gara.
Nobela, xehetasun zehatzak izan arren, isilunez josita ere badago. Telefono dei batzuk daude eta ez dakigu zer esaten duten telefonoaren beste aldean, baina ez da beharrezkoa. Tomás González gai da zure semea hil dela baieztatzen duen deiaren zain zaudenean sortzen diren min izugarriarekin eta zalantza ugariekin gure gorputza zeharkatzeko. Eta hori guztia, ez kurtsi, ez solemne, ez moralista izan gabe. Pertsonaien bidez eta istorioak kontatzen duen Daviden ikuspegitik, Tomás Gonzálezek, gainera, bizitzari buruzko hainbat ikasketa erakusten dizkigu. Nola egingo diogu aurre heriotzari? Ez dago modu zuzenik; egia esan, guztiak dira zuzenak. Pertsonaia guztiek dute zerbait ona uneren batean, ulergarria den zerbait, harekin konektatzen gaituen zerbait.
La luz difícil ziurrenik idazle kolobiarraren nobelarik ezagunena da. Jatorriz 2011n argitaratu zen, eta 2023an Sexto Piso argitaletxeak berreskuratzea erabaki zuen aldarrikapen gisa. Diotenez, La luz difícil Tomás Gonzálezen narrazio modu onenak biltzen dituen liburua da. Izan ere, 2011n jada maisulan gisa hartu zen eta González bere herrialdeko nobelagile garrantzitsuenetarikoa bihurtu da.
Datorren asteartean, urtarrilaren 27an, urteko lehen literatura solasaldia izango dugu. Plazer bat izango da zuekin nobela xume baina eder eta sakon hau komentatzea. Minari eta heriotzaren gertutasunari buruzko istorioa da, baina bizitzaz beteta dagoena. Gogotsu nago ni, laster arte!
