X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

La mentira, Catherine Grive

La mentira, Catherine Grive

La mentira

Testua: Catherine Grive

Irudiak: Frédérique Bertrand

Siruela, 2017

34 orrialde

ISBN 978-84-17041-44-1

Arantzazuko Ama Ikastetxeko LH2ko ikasleek La mentira album ilustratua gomendatzen digute, Catherine Grivek idatzia eta Frédérique Bertranden ilustrazioekin. 6 urtetik aurreko haurrei zuzenduta badago ere, liburu horretan guztiok, baita helduok ere, identifikatuta senti gaitezke. Denok dakigu zer den gezurra esatea.

Neskato batek, egun batean, familiako bazkari batean, gezur bat esaten die gurasoei. Ez daki zergatik esaten duen, hitzak ahotik ateratzen zaizkio, isiltasuna hautsiz eta betirako geratzen dira. Gezur hau puntu gorri baten bidez irudikatzen da. Hasieran txikia da, ia ez da ikusten, baina denborak aurrera egin ahala, handitu egingo da, neskaren bizitzako leku eta une guztiak hartu arte. Obsesio bihurtzeraino hazten da. Beti dago hor, bere gelara joaten bada, han dago, bainugelara joaten bada, han jarraitzen du. Saiatu botatzen, harengandik urruntzen baina puntua beti itzultzen da eta gero eta handiagoa da. Ez ikusiarena eginez gero desagertu egingo dela ere pentsatzen du, baina hori ez da gertatzen, eta puntua neskari etxetik kanpo ere laguntzen hasten zaio. Bere atzetik dabil kalean, eskolan, eta badirudi ezerk ez duela funtzionatzen. Neskatoak bere buruari galdetzen dio “gezur baten ondoren, jendeak ez dizu sinesten?”, edo okerrago dena, “Gezur baten ondoren, jendeak ez zaitu maitatzen?”

La mentira oso liburu bisuala da, ez du testu gehiegirik eta ilustrazioetan oinarritzen da. Gezurra, handitzen den puntu gorri gisa irudikatzea, neskatoaren arrangurak hazitzen diren heinean, oso egokia da, protagonistak bizi duen larritasuna transmititzea lortzen baitu. Egileek hitzen eta irudien arteko jolas perfektua lortzen dute. Izugarri sinbolikoa, irudirik gabe ez litzateke posible izango mezua jasotzea.

Azkenean, espero zen bezala, burbuila gorriak eztanda egiten du, protagonistak bere gezurrari aurre egin eta egia asateko duen ausardiari esker. Zirkulu gorriak desagertu egiten dira, zirkulu berdeei bidea utziz, justu kontrako kolorea zirkulu kromatikoan eta lasaitasuna irudikatzen duena.

Batzuetan, haurrekin, zaila da zenbait gai jorratzea. Ulertzen bai ulertzen dituzte, baina egoerak edo emozioak beldurtzen ditu eta ez dakite modu egokian adierazten edo bideratzen. La mentira, zerbait okerra egin dugula jakiteak eragindako arrangurak ez ezik, sentimenduak adierazi behar direla ere iradokitzen du. Kezkatzen gaituzten gauzak gordetzeak arazoaren tamaina areagotzen du eta. Hori kanporatzeak eta egiaren uneari aurre egiteak bakarrik, ondorioek izutzen bagaituzte ere, lasaitasuna ekar diezaguke.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude